Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ikastetxean oporrak hartu berri dituztenean, udarako eskaintza faltarik ez dute ikasleek. Urrutira joan gabe, datorren astean, ekainaren 30etik uztailaren 5era, I. Areto Futbol Kanpusa izanen dute Irurtzunen. Izena ematen duten haur eta gazteek areto futboleko ohorezko mailako jokalariak izanen dituzte irakasle. Kanpusaren berri eman zuten joan zen ostiralean Irurtzunen kanpusaren MRAko jokalari ohi eta kanpusaren antolatzaile Leandro Fernandezek, MRAko entrenatzaile Imanol Arregik eta MRAko jokalari Javi Eseverrik. Maila goreneko maisuakSakanako eta Iruñea inguruko 6 urtetik 17 urte bitarteko haur eta gazteak gonbidatu dituzte kanpusera. Hilaren 30ean hasi eta uztailaren 5era arte, ez dute aspertzeko betarik izanen Irurtzunera gerturatzen direnek. Joan-etorria errazteko, haur eta gazteek autobusa edukiko dute Altsasutik eta Iruñetik.MRAko jokalari eta Espainia eta Europako txapeldun izan den Javi Eseverrik jakinarazi zuenez, adinen araberako taldetan banatuta, areto futboleko teknika ikasi eta praktikatzeko aukera izanen dute ohorezko mailako jokalari profesionalekin. Besteak beste, MRAko jokalari Javi Eseverri, Carlos Ortiz eta David Gaston, Interviu taldeko Julio Mera eta Mostoles taldeko Borja Mera izanen dituzte irakasle. Areto futbola ikasteaz gainera, lagun berriak egiteko parada izanen dute Irurtzunerako bidea hartzen dutenek. Horiekin gozatzeko aukera bikaina izanen dute ostegunean, Sendaviva bisitatuko baitute. Aisialdirako bestelako aukerak ere izanen dituzte, igerilekuak eta tenis pistak ondoan baitituzte. Gaur izena emateko azken egunaGaur itxiko da izen-emate epea. Beraz, izena emateko interesa duena garaiz dago oraindik ere. Bazkaltzera geratu behar dutenek, 140 € ordaindu beharko dute eta gainerakoek 110 €. 2054 0036 31 915252256.2 kontu zenbakian ordainketa egin, eta ordainagiria, NA-ren kopia eta izen-emate fitxa (www.leandro6.com web orrian) helbide honetara bidali beharko dituzte: Lizarra kalea 5, 2; 31860 Irurtzun. Ikasi eta ongi pasaLeandro Fernandezek azaldu zuenez, haur eta gazteak areto futboleko teknika eta taktikan janztea izanen da kanpusaren helburu nagusia. Bere hitzetan, "areto futbola da Sakanan eta Nafarroan gehien praktikatzen den kiroletako bat, baina, hala ere, nahiko mugatua da ezagutza tekniko eta taktikoa". Imanol Arregik gaineratu zuenez, egunerako bizitzarako baliagarri diren baloreak ere landuko dituzte, "joko garbiaren garrantzia edota, banakakoaren gainetik, taldeko jokoaren garrantzia, esaterako". Baina horien guztien gainetik, "gure kirolaz gozatzea izanen da helburu nagusia, ongi pasatzea" gehitu zuen Imanol Arregik. Ziur hori lortuko dutela!