Olias eta Mariñelarena, aurrean

Guaixe 2008ko uztailaren 2a

Irurtzunen motoziklismoko supermotard modalitatean dabiltzan primerako bi kirolari dauzkagu: Juanma Olias eta Alex Mariñelarena. Supermotard motokros antzekoa da, baina supermotard modalitatean errepideko gurpilak erabiltzen dira eta motorrak suspentsioa dauka. Supermotard probetan ibilbideko %70a asfaltoa izaten da eta %30a lurra. Bada, Olias eta Mariñelarena open mailan lehiatzen dira, maila nagusian. 19 urteko Juanma Oliasek hiru urte daramatza open mailan. Aurten motorra estreinatu du, 450 cm kubikoko Aprilia motorra. "Pozik nago motorrarekin. Berria da, potentzia gehiago dauka eta ongi doa, nahiz eta pisu gehiago izan" dio Juanmak. Aurten lau lasterketatan dabil murgildua irurtzundarra: Espainiako Txapelketako Aprilia Kopan, Supermotard Vasco Navarro txapelketan, Nafarroako Supermotard txapelketan, eta Zona Norte deritzon txapelketan, eta lasterketa egutegi potoloa du. Aprilia Kopa, konplikatuaAurten debutatu du Aprilia Kopa Supermoton. Hiru proba jokatu dira (Malaga, A Pastoriza eta Sevilla) eta hiru gelditzen dira (Cartagena, Burgos eta Zuera). 20 pilotu ari dira lehiatzen Kopan, eta nahiz eta ongi hasi, izandako erorikoen ondorioz sailkapenean atzean dago. "Malagako proban, bigarrena nintzela, lur eremuan erori egin nintzen eta zazpigarren bukatu nuen lasterketa. Sorbaldako giharretan urraketa izan nuen. Duela hiru aste Lugoko A Pastorizan, entrenamenduetan, motorra derrapatzen hasi eta asfaltoan erori nintzen. Berriro ere sorbaldako giharretan mina hartu eta ezin izan nuen jarraitu. Hirugarren lasterketa Sevillan jokatu zen baina ezin izan nintzen joan, lesioagatik, baina hurrengoetan lehiatuko nahiz: uztailaren 11tik 13ra Cartagenan ariko naiz eta hurrengoetan ere, nahiz eta galdu ditudan puntuak ikusita aurrean aritzea oso zaila izan" dio Oliasek. Apriliako Kopan jarraitzeaz gain, hurrengo urtean zirkuitu handietan lehiatzea ari da aztertzen, 600 cm kubikoko motorrarekin. Oliasen beste helburu bat Nafarroako Supermotard Txapelketa eta Supermotard Vasco Navarro irabaztea da, eta  Zona Norte txapelketan maila ona ematea, lehen hiruren artean sailkatuz. Zona Norte txapelketa Asturias, Errioxa, Euskal Herria eta Aragoin jokatzen da, eta pilotuen maila altua da. Aipatu hiru txapelketetan arerio irurtzundar gogorra du, Honda motorra duen Alex Mariñelarena 16 urteko gaztea. Mariñelarenak aurten debutatu du open mailan, pilotu indartsua da eta oso denboraldi ona egiten ari da. Aitor Martinezen taldean dago. Olias eta Mariñelarenaren lanaBada, Malagako proban lehiatu eta gero, Logroñokoa, Iruñekoa eta Zuerakoa etorri ziren. Hirurak Zona Norte txapelketarako baliagarriak ziren (Iruñeko Polo Parkean jokatu zena Zona Norte, Nafarroako Txapelketa eta Vasco Navarrorako puntuagarria zen), eta Oliasen lana txalotzekoa da, izandako istripuak kontuan hartuta. Malagan erorikoa izan eta gero, Logroñon, bosgarrena zihoanean, erori eta lehen mangan 10.a izan zen. Bigarren mangan bigarrena sailkatzea lortu zuen. Iruñeko lasterketan arazo fisikoak zituen baina hala ere zirkuituko errekorra ezarri zuen eta pole-a lortu ondoren erakustaldi bikaina eman eta bi mangak irabazi zituen. Zueran ez zuen zorterik izan eta 15 postutik 6. postura erremontatu behar izan zuen lehen mangan. Eta bigarrenean, istripu larria izan zuen, eskumuturreko giharrean urraketa eginez. Jakina, lasterketa utzi behar izan zuen. Alex Mariñelarena ongi moldatzen ari da open mailan. Zona Norte Txapelketako lehen lasterketan, Logroñon, lehenengo mangan bosgarrena izan zen eta bigarrenean erorikoa izan zuen. Iruñean, lehen mangan hirugarrena izan zen eta bigarrenean laugarrena. Zueran lan bikaina egin zuen: pole-a lortu zuen, hau da, lasterketan lehen tokitik abiatzea. Lehen mangan bigarrena sartu zen eta bigarrenean hirugarrena. Aldiz, Espainiako Txapelketako A Pastorizako lasterketan ezin izan zen atera, arrazoi mekanikoengatik. Olias, Nafarroako eta Vasco Navarroko liderraGauzak horrela, Nafarroako eta Vasco Navarro txapelketak puri-purian daude. Nafarroako txapelketako buru Juan Mari Olias da, 50 punturekin, eta bigarrena Alex Mariñelarena da, 40 punturekin. Vasco Navarron Olias da liderra, 50 punturekin, eta Mariñelarena laugarrena da, 29 punturekin. Asteburu honetan Oliasek atseden hartuko du eskumuturrean dituen arazoak konpontzeko eta Alex entrenatzen ibiliko da. Uztailaren 11tik 13ra Olias Cartagenan ariko da, Aprilia Kopan. Uztailaren 19an, 15:30ean, Nafarroako, Vasco Navarro eta Zona Norte txapelketarako baliagarria den proba jokatuko da Irurtzunen, eta herriko bi pilotuak elkarren kontra ariko dira lehian. Irurtzungo probarekin Nafarroako Txapelketa erabakia geldituko da, baina Vasco Navarrorako eta Zona Norterako oraindik beste lasterketa asko geratzen dira: Abadiño, Miranda de Ebro, Gernika, Villarcayo, Asturias... Ea nola moldatzen diren irurtzundarrak.