Lana eta familia bizitzaren arteko kontziliazioaren aldeko urratsak ematen hasiak

Guaixe 2008ko uztailaren 8a

Nafarroako Gobernuaren Aukera Berdintasunaren I. Planaren barnean jaso da herri mailako paktuak egiteko aukera. Hori dela eta, Irurtzungo Udalaren Ongizate eta Emakumearen Batzordeak gobernuari eskatu zion tokiko paktua egitea. Parte hartzeaNafarroako Gobernuaren aldetik baiezko erantzuna jaso ondoren aurreneko bilerak egin dituzte Irurtzunen. Familia bizitzaren eta lanaren arteko kontziliazioa lantzeko aurreneko bilera garagarzaroaren 11n izan zen eta bigarrena 30ean. Haietan presente izan zen Magali Martinez teknikaria, paktua egiterakoan laguntza emanen duena. Udalean ordezkaritza duten hiru alderdiak, Txiki Iriarte alkatea barne, izan ziren bilkuretan. Haiekin batera, Iratxo eta Erga-Larreak elkarteak, LAB eta ESK sindikatuak, Asdire-Larrakil, Itxipuru, Aizpea, Orritz, eta San Martin jubilatu elkarteak, Atakondoa eta Musika eskoletako guraso elkarteak, Bi Aizpe pilota eskola eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak. Bi bileretan parte hartu ez badute ere, SAPAk eta Osasun Etxeak parte hartzeko interesa azaldu dute. AurreraHasierako hartu-eman horien ondoren, irailean prestakuntzarako bi saio eginen dituzte, eta haien ondoren hasiko dira kontziliazio paktua lantzen. Lanean hasteko Irurtzungo egoeraren diagnosia egin beharko dute, eta hori zehaztu ondoren helburuak markatu eta haiek betetzeko jarduerak zehaztu beharko dituzte. Lana heldu den urteko ilbeltzean despedituko lukete, elkarte eta erakundeek paktua sinatzearekin batera. Udaleko Ongizate eta Emakumea zinegotzi Saray Ongaik esan digunez, "orain arteko balorazioa positiboa da eta pozik gaude". Zinegotziak aitortu digunez, "paktua nahikoa ezezaguna da, baina jendea lanerako gogoz dago". Udaleko Ongizate eta Emakumearen Batzordetik jakitera eman dutenez, egitasmoan parte hartu nahi duten elkarte edo irurtzundarrek irailean batzeko aukera izanen dute. Jakinik, paktua parte-hartzaile guztien konpromisoa dela.