Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jorge Nagore irurtzundarra Nafarroako Lau t´erdiko Txapelketako finalean dago, joan zen larunbatean, Zangotzako pilotalekuan, Bengoetxea VII.a mendean hartu eta gero. Ez zuen areriorik izan Irurtzungo pilotariak. Markagailua ikusi besterik ez zegoen horretaz jabetzeko: 22-7 amaitu zen norgehiagoka. Ongi zetorkion erritmoa ezarri zuen Irurtzungoak, sake luzeekin eta tantoak txapa gainean moztuz. Beste behin ere, sakea izan zuen armarik onena. 7 tanto egin zituen horrela, Ibai ez baitzen haren 7 sakeri erantzuteko gai izan.Ohi bezala, sanferminetan jokatuko da Nafarroako Lau t´erdiko Txapelketako finala. Datorren igandean izanen da, hilaren 13an, 12:00etan, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Irurtzungo pilotariak Aritz Lasa gaztea izanen du aurrez aurre final handian. Txapelketa bikaina egitetik dator urretxuarra eta bere joko ederrarekin arerio gogorra izanen da sakandarrarendako. Lau t´erdian areriorik ez duela erakutsi beharko du Irurtzungoak.