Erraldoiek bizia hartuko dute 25. urtemuga ospatzeko

Guaixe 2008ko uztailaren 17a

Konpartsak ez du urtemuga nolanahi pasatzen utzi. Zenbait ekitaldi antolatu dituzte dagoeneko: argazki erakusketa, Egako trinitatean dantzaldia... Baina ikuskizun handiena datorren ostegunean izanen da: Erraldoiak ikuskizuna, Navarro Villosladaren Amaia edo euskaldunak VIII. mendean lanaren egokitzapena. Erraldoiek bizia hartuko dute egun batez. Sorrerara itzuli dira "Argi geneukan 25. urtemuga behar bezala ospatu behar genuela" esan digu Doris Vicente Erraldoi Konpartsako kideak. 25 urte egin dituzte atzera eta, orduan bezala, Navarro Villosladaren Amaya eta VIII. mendeko euskaldunak liburura jo dute ikuskizun berezi hau prestatzeko. "Erraldoiak egiteko garaian gure inguruarekin zerikusia zuten pertsonaiak aukeratzea erabaki genuen. Horregatik jo genuen Navarro Villosladaren liburura, pasarte asko Sakanan gertatzen baitira, Altsasun, Aralarko San Migelen nahiz Bi Aizpean" azaldu digu Dorisek. Pasarte horiek oinarri hartuta egin zituzten Irurtzungo erraldoiak: Amaia, Garzia Ximenez, Goñiko Teodosio eta Petronila. 25 urte geroago bizia emanen diote pertsonaia horiei, Erraldoiak antzezlanarekin. Erraldoien konpartsaren eskaerari erantzunez, Irurtzungo antzerki taldeko irakasle Angel Sagüesek zuzenduko du ikuskizuna eta berak egokitu du Navarro Villosladaren Amaia edo euskaldunak VIII. mendean liburua. 4 ekitalditan banatu du ikuskizuna, guda, amodioa, borroka, eta festari lekua eginez eta jaialdian parte hartuko duten talde denak uztartuz. Musika egokitzapenak Ismael Yagüek egin ditu.Antzerki eskolako Pakita Arruabarrenak eta Beñat Jauregik hartuko dute erraldoietako biren papera: Petronila eta Goñiko Teodosiorena. Beste bi erraldoiei, Amaia eta Garzia Ximenezi Ingumak antzerki taldeko Izaskun Mugikak eta Jon Barbarinek emanen diete bizia.Herri guztiaren ospakizunaErraldoi eta buruhandien konpartsarendako urte garrantzitsua bada, ez da gutxiago 25 urtetan haien dantzekin bat egin duten herritarrendako. Hori erakusteko zein modu hobeagorik festarekin bat egitea baino. Herriko ia talde denek hartuko du parte antzezlanean: Antzerki tailerrak, Orritz dantza taldeak, Dantza Txiki eskolak, Iskidi zanpantzarrak, abesbatzak eta musika eskolak. "Herritarrak animatu ahala, ikuskizuna espero ez genuen dimentsioa hartzen joan da. 130 pertsonak baino gehiagok hartuko du parte" esan digu Doris Vicentek. Erraldoia da Petronila, Garzia Ximenez, Goñiko Teodosiok eta Amaiak VIII. mendean egin zutena. Zalantzarik gabe, Erraldoia izanen da ikuskizuna.