Komunitatearen onurarendako lanak arautzen duen ordenantza onartu du udalak

Guaixe 2008ko uztailaren 22a

Araudi horretan jasotzen denez, lan horiek udalaren hainbat sailetan gara daitezke, beti ere, "onura publikokoak" direnak. Epaitegiak jarritako zigor ekonomikoa ordaindu beharrean komunitatearen onurarendako lan egin nahi duten pertsonen jarduna "boluntarioa" izan beharko du eta ezin izanen zaio inori inposatu. ProzeduraIrurtzungo Udalak zigor mota hori betetzeko 2 plaza sortu ditu. Haietakoren bat betetzeko honako prozedura jarraitu beharko da. Zigortutako pertsonak epaitegiaren jakinarazpena jaso eta 15 egun izanen ditu alkateari instantzia bidez adierazteko "zigorra egin duela onartu, jarritako zigorrarekin ados dagoela esan eta zigor alternatiboa jasotzeko ados dagoela eta horretarako borondatea duela". Instantzian espediente zenbakia eta haren erreferentzia gehitu beharko ditu eskatzaileak. Zigortuak 16 urte baino gutxiago baditu eskaera haren legezko ordezkariek egin beharko dute.Eskaera aztertuko du udalak eta, egoki jotzen badu, zigorra non, noiz eta zein arduradunen pean bete behar duen zehaztuko du. Udalak zehaztutako guztia eginen balu ekonomia zigorra kenduko litzaioke. Bestela, zigor ekonomikoa mantenduko litzateke. Astegunetan lan egindako ordu bakoitza zigorraren 15 euroren parekoa izanen da. Asteburuetan, berriz, 20 euroren parekoa. Kopuru horiei urtero kontsumo prezioen indizea erantsiko zaie. Lanaldia, gehienez ere, egunero 8 ordukoa izanen da eta agindutako lanak egiteagatik ez da soldatarik jasoko. Hori bai, zer gerta ere, udalak asegurua eginen du.