Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Guztira 77 pilotu lehiatu ziren Irurtzunen, aipatu modalitateetan dabiltzan onenak. Baina etxeko batek huts egin zuen: Juanma Oliasek. Zaletuek Olias eta Mariñelarena pilotu irurtzundarren lehia espero zuten supermotardeko open mailan, baina ezinezkoa izan zen, Olias mina hartuta baitago. Cartagenan lesionatu zen Olias, Espainiako Supermotard Txapelketako Aprilia Kopan lehiatzeko entrenatzen ari zela. Uztailaren 11tik 13ra jokatzekoa zen Cartagenako lasterketa, eta bertara heldu eta justu zirkuitua ezagutzeko entrenatzen ari zela, lesio gogorra izan zuen. "Bihurgune bat hartzerakoan hanka atera nuen, baina gaizki kalkulatu eta zirkuitua mugatzeko zegoen gurpil bati eman nion bete betean. Belauna atzerantz joan zitzaidan eta hanka gurpilean trabatu zitzaidan. Boxetara heldu eta ezin nintzen tente mantendu. Lotailuak estiratuta bezala ditut eta belaunak ez dit topea egiten, ihes egiten dit. Belaunekoa eraman behar dut. Gainera, eskumuturreko eskalfoidean fisura daukat eta eskaiolatuta nago, eta sorbaldan tendinitisa daukat". Oliasen lesio gogorraOsatzeko hilabete eta erdi behar izango du Oliasek, eta ondorioz, aurtengo denboraldia bukatu da pilotu irurtzundarrarendako. Nafarroako Txapelketan eta Vasco Navarron bera zen lehena, eta Iparraldeko Txapelketan eta Aprilia Kopan ahalik eta hobe aritzea zen bere asmoa, baina lesioagatik guztia akabo. "Txapelketatan ez dut ezer egitekorik, baina iraila aldera edo geratzen diren probetan lehiatuko naiz, lana ahalik eta hobekien egiten saiatuz" dio 19 urteko gazteak, denboraldia eta txapelketak galdu dituelako penatuta. Beste aldea: Mariñelarena Nafarroako txapeldunBada, Nafarroako eta Vasco Navarro txapelketako liderra erretiratzeak eragin nabaria izan zuen Irurtzungo Supermotard lasterketan. Irabazlea iazko Copa Apriliako irabazle Borja Serna katalana izan zen. Ikuskizun bikaina eman zuen Sernak, eta onenetakoa dela argi utzi zuen. Alex Mariñelarena irurtzundarrak zortea bere alde izan zuen: lasterketan seigarren tokian zegoen eta haren aurrean zihoazen bi pilotuk erorikoa izan zuten. Ondorioz, lasterketa hirugarren postuan bukatu zuen Mariñelarenak. Irurtzungo proba Nafarroako Txapelketako azkena zenez, Olias erretiratzean eta Mariñelarena hirugarrena sailkatzean Nafarroako txapelketa lortu zuen Irurtzungo pilotu gazteak. Gainera, Vasco Navarro eta Zona Norte txapelketetarako puntu sorta ederra jaso zuen. Bestalde, aipatzekoa da ikuskizun ederra bizi izan zela Irurtzunen. Hori bai, tamalez istripu asko izan ziren. Une batean proba zaintzen zeuden bi anbulantziek zauritutako bi pilotu ospitalera eraman behar izan zituen, eta horregatik bigarren manga bertan behera utzi behar izan zuen antolakuntzak, anbulantziak bertan ez badaude probak ezin baitu aurrera jarraitu. Lasterketei dagokienez, Euskal Herriko, Asturiaseko, Errioxako, Aragoiko eta Kataluniako pilotuak lehiatu ziren, bildutako zaleen gozamenerako. Lurra eta asfaltoa konbinatzen dituen zirkuituan aritu ziren pilotuak. Scooter kategoria Jorge Villar gipuzkoarrak irabazi zuen, eta minimotarda Jorge Cormera. Supermotardeko open mailan Borja Serna izan zen jaun eta jabe. Superquad kategorian, Javier Linares lehen juniorra izan zen eta Javier Valles lehen seniorra.Irurtzungo lasterketa, azkenaJuanma Oliasek argitu zigunez, larunbatekoa Irurtzungo azken scooter, supermotard eta superquads lasterketa izan zen. "Irurtzungo Akaborro industrialdeko zirkuitua oso txiki geratu da. Lehen egokia zen, baina kirol honek etengabeko garapena izan du eta une hauetan txiki geratzen zaigu. Eta bestetik halako proba antolatzeak aurrekontu handia eskatzen du eta ez dugu beharrezkoa den babesa jaso. Udalak, esaterako, oso diru laguntza gutxi eman digu eta baldintza hauetan ezin dugu hemen lasterketa gehiago antolatu" dio Motoclub Pistones taldeko Oliasek. Nolanahi ere, horrek ez du Motoclub Pistones taldearen ibilia bukatuko, besteak beste Los Arcosen eraikiko den zirkuituan probaren bat edo beste antolatzea baita asmoa. Nafarroako supermotard txapelketa despeditu da, baina Vasco Navarrorako eta Zona Norterako, aldiz, beste lasterketa asko geratzen dira: Abadiño, Miranda de Ebro, Gernika, Villarcayo, Asturias... Beraz, lehian jarraituko du Alex Mariñelarenak. Olias osatzen denean itzuliko da zirkuituetara.