Botxaz blai Irurtzunen

Guaixe 2008ko irailaren 5a

Botxa petanka antzeko jokoa da. Talde bakoitzeko parte-hartzaile bakoitzak bi botxa dauzka, barruan beruna duten zurezko pilotak, hain zuzen. Botxategian botxina izeneko burdinezko bola txikitxo bat kokatzen da, eta partidaren irabazlea bere botxak botxinatik gertuen uzten dituen taldea da. Irurtzunen botxa zaletasuna dagoela gauza jakina da, baina Irurtzungo Iratxo elkarteko botxategian ez dago ezta arnasa hartzeko astirik ere. Alde batetik, Iratxoko Binakako Botxa Txapelketa abian da, aste honetan eta hurrengoan jokatuko dena. Normalean hiru jokalariko taldeak aritzen dira botxan, baina kasu honetan binaka ari dira. Gazte eta helduz osatutako 12 bikote daude lehian eta heldu den astean jakingo da nor den irabazlea. Bestalde, haur eta gaztetxoenak ez daude geldi. Atzo, ostegunean, Irurtzungo botxategian Berriozar eta Irurtzungo bina talde lehiatu ziren, zehazki Satanas, Berriozar B, Iratxo eta Berriozar A. Botxan jolastu bitartean euskaraz mintzatu ziren. Gaur, ostiralean, atzera ere botxan ariko dira, Berriozarren. Bestalde, irailaren 13an eta 14an Iratxo Botxa Sari Nagusia jokatuko da Irurtzunen. Berriozar, Txantrea, Amaya, Natacion eta Irurtzungo taldeak ariko dira lehian, txapelketa azkarrean. 20 haur udako Botxa Txapelketa EuskarazenAizpea Euskara Taldeak antolatuta, abuztuaren 25etik 30era bitartean Irurtzungo 20 haur eta gaztetxo botxaren munduan murgildu ziren, Iratxo elkarteko botxategian antolatutako Botxa Txapelketa Euskaraz lehian. Bost talde aritu ziren jokoan, liga sistema erabiliz, eta gainontzekoak botxan ikasten aritu ziren. Irabazlea Satanas taldea izan zen eta haren atzetik sailkatu ziren Iratxo, Sugarrak, B taldea, Xota eta Txikiak.