Gutxigatik, baina ezin izan zuen liderra mendean hartu

Guaixe 2008ko irailaren 8a

MRA Navarrak sekulako partida jokatu zuen joan zen ostiralean Murtzia, iazko ligaren  irabazle eta aurtengo liderraren aurka. Hala ere, etxekoendako izan zen garaipena, azken minutuan sortutako golari esker.Hasiera-hasieratik erasokor kantxaratu ziren El Pozo de Murciako jokalariak, zuten guztia emateko prest. Baina lan bikaina egin zuten Irurtzungoek defentsan eta markagailuan 0-0ekoari eustea lortu zuten. Lehen 6 minutu horiek gaindituta, El Pozoren jokoa lasaitu egin zen eta MRAko jokalariak kantxan bere tokia hartzen joan ziren. Zoritxarrez, Irurtzungo taldea bere mailarik onena ematen ari zenean etorri zen etxekoen lehen gola, 1-0ekoa, defentsaren hutsegite baten ondorioz. Hala ere, ez zuten etsi Imanol Arregiren gizonek. Jokalariek beraien lekua hartu zuten berehala eta 6 minutu geroago, atsedenaldirako minutu bakarraren faltan lortu zuen Pablok fruitua: 1-1ekoa. Bigarren zatian ere zuen guztia emateko prest atera zen El Pozo. Murtziarrak nagusitu ziren jokoan, baina sakandarrek bikain zaindu zuten Juanitoren atea. Azkenean, eraso bortitz eta jarraien bidez nahi zuten emaitza lortzen ez zutela ikusita, jokaldi estrategiko batekin probatu eta bide horretatik lortu zuen Ciçok Murtziako taldearendako bigarren gola. MRAk zuen guztia eman zuen azken minutura arte. Atezain-jokalariarekin ere saiatu zen, baina ez zen 2-2koa iritsi. Irurtzungoek ezin izan zuten iazko balentria errepikatu eta Murtziatik punturik gabe itzuli ziren etxera.Joan zen ostiralean MRA Navarrak gauzak zail jarri bazizkion ere, jokoan zituen puntu guztiak irabazita, 9 punturekin, lider jarraitzen du El Pozo de Murciak. Irurtzungoak sailkapen nagusiko 8. postuan daude, 3 punturekin. Aste gogorraJoan zen ostiraleko partidarekin aste honetako lanak hasi baino ez ditu egin MRA Navarrak. Izan ere, mundialak ekarriko duen geldialdiaren aurretik, hiru partida izanen dituzte aste bakarrean. Bihar gauean izanen du bigarren partida, Iruñean, puntu batekin sailkapen nagusiko 12. postuan dagoen Benicarló-ren aurka. Ostiralean, 20:30ean, berriz, 4 punturekin 3. postuan dagoen Caja Segoviarekin neurtuko ditu indarrak, etxetik kanpo.