Asteko bigarren partidari ekingo dio MRA Navarrak

Guaixe 2008ko irailaren 9a

Aurki areto futboleko Mundiala jokatuko da Brasilen, eta Ohorezko Ligak geldialdia izanen du hurrengo astetik aurrera. Hilabete eta erdiko geldialdia izango da. Horregatik aste honetan ligako hiru jardunaldi dauzkate jokoan MRA Navarra Xotak eta Ohorezko Mailan aritzen diren gainontzekoek. Gogoratu Irurtzungo taldeak aurreko ostiralean jokatu zuela aste honetako lehen lehia Murtzian, aurreko ligako irabazle eta une aurten liderra den El Pozoren kontra. MRA Navarrak sekulako partida jokatu zuen, baina hala ere etxekoendako izan zen garaipena, 2-1, azken minutuan sortutako golari esker. Benicarlo, arerio zailaEsan dugun moduan, El Pozo Murcia da liderra. Irurtzungoak sailkapen nagusiko 8. postuan daude, 3 punturekin. Eta gaur sailkapenean 12.a den Benicarlo taldea hartuko dute etxean, Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, gaueko bederatzietan hasiko den lehian. Partida zuzenean eskainiko du Teledeporte kateak. Ostiraleko sentsazio onak berreskuratu beharko ditu Xotak, etxean jokatzen duela probestu eta zaleen babesarekin Benicarlori aurre egin eta hiru puntuak etxean gelditzeko. Gainera, urriaren 25era arte geldialdia izango da ligan, mundiala jokatuko baita, eta ordura arte ez dute berriro etxean jokatuko, beraz zaleek dena emango dute gaurko lehian.  Baina Benicarlo etsai konplikatua da, estrategia oso ongi maneiatzen duen taldea. Oso joko berezia egiten du; partida moteltzeko ohitura dute, eta baloiak lapurtu eta kontraeraso bortitzak egitea. Oso zaila da euren kontra aritzea eta ez da inoiz arerio erraza izan MRA Navarrarendako. Gainera aurtengo ligako aurrekontu nagusietakoa dauka Benicarlok, eta kalitate handiko jokalari berriak: Dani Salgado, Fali, Jabá... Hortaz, euren kontra aritzeko etengabeko lana ezinbestekoa izanen da. Xotaren baja nagusia Joelena da, eta David Gascon zalantzan dago, molestia batzuk ditu eta. Imanol Arregi entrenatzaileak esan duen moduan, "etxean jokatzen dugu eta bertan indartsuak izan behar gara, hori da denboraldi honetako gakoa". Astea borobiltzeko ostiralean Segoviako bidea hartuko du MRA Navarrak, Caja Segoviarekin lehiatzeko. Ea nola banatzen dituzten indarrak.