Ohorezko mailako areto futbol ligak ez dauka atsedenik, Brasilen aurki abiatuko diren Mundialak direla eta, aste honetan hiru jardunaldi baitaude jokoan. Atzo etxean jokatu zuen MRA Navarra Xotak, arerio oso latzaren kontra: Benicarló. Partida zuzenean eskaini zuen Teledeportek. Oso partida borrokatua izan zen atzokoa, eta banako berdinketarekin despeditu zen. Benicarlo oso etsai deserosoa eta taktikoa da, atezainak ia jokalari baten moduan jokatzen duelako, eta akaso Benicarlok Irurtzungo taldea baino sendoagoa dela demostratu zuen, ibilbide gehiago duela eta uztartuago dagoela. MRA Navarra taldea oraindik "egiteko" dagoela ikusi ahal izan zen, nahiz eta aukera asko izan kontrako atean aztatzeko arazoak izan baitzituen. Nolanahi ere, Benicarlok aukera ugari galdu zituen eta bi taldeak pareko aritu zirela aipatu behar da. Onena, taldearen erreakzio ahalmenaBenicarlo izan zen 32. minutuan Iscoren gol bati esker aurreratu zena. Baina Irurtzungo taldeak pazientzia eta fede nahikoa izan zuen berehala berdintzeko, Roberto Martilen gol bati esker. Bigarren zatian bi taldeek aukera ugari izan zituzten, gauzatu ez zirenak. Bukaeran, banakako berdinketa eta puntu banaketa. Imanol Arregik onartu zuen kontrako atean ezin aztatu ibili zirela, baina berdinketa justua izan zela aitortu zuen, bi taldeak pareko aritu zirelako. "Partida eskutan izan dugu, baina eurek ere bai" nabarmendu zuen. Onena MRA Navarra taldearen erreakzio ahalmena izan zela nabarmendu zuen. Ohorezko mailako ligako laugarren jardunaldi honetan, El Pozo Murcia da liderra, 9 punturekin. MRA Navarra sailkapenean 10.a da, 4 punturekin. Astea borobiltzeko ostiralean Segoviako bidea hartuko du MRA Navarrak, Caja Segoviarekin lehiatzeko. Caja Segoviak atzo 4-2 galdu zuen, Playas de Castellonen kontra. Une honetan sailkapenean laugarrena da, 7 punturekin. Hortaz, arerio latza izanen da Xotarendako.