Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Supermotardeko open mailan aritzen den Juanma Olias pilotu irurtzundarrak ia bi hilabete eman ditu zirkuituetatik kanpo, erorikoen ondorioz izandako lesioak zirela medio. Bada, nahiz eta %100ean osatu gabe egon, irailaren 6an eta 7an Burgoseko Tubilla del Lagon jokatutako Espainiako Supermotard Txapelketako azkenaurreko proban parte hartzera animatu zen. Txapelketa horren barruan Copa Apriliba proba jokatzen da, Juanma Olias lehiatzen den proba. 19 urteko gazteak lan txalogarria egin zuen, kronoetan irteera punturako seigarren postua lortu baitzuen. Lehendabiziko mangako irteeran zazpigarren tokian kokatu zen baina lasterketan barna aurrekoak aurreratuz bigarren tokian despeditu zuen lasterketa, eta bigarren mangan hirugarrena izan zen. Puntuak batu eta gero podiumera igo zen pilotu irurtzundarra, bigarren tokira. Lasterketa berean ari den Alex Mariñelarena irurtzundarrak ere lan polita egin zuen, zazpigarrena sailkatu baitzen. Egia esan sailkapenean laugarren izan zen Mariñelarena, baina arazo mekaniko baten ondorioz postuetan atzera egin zuen, azkenean zazpigarrena geratuz. Asteburu honetan Abadiñoko supermotard nazioarteko lasterketan lehiatuko da Olias. Ea lesio kontuak ahaztu eta aurreko asteburuan bezala goiko postuetara itzultzen den.