Xota gol lehortearekin

Guaixe 2008ko irailaren 15a

Azken partidetako akatsak errepikatu zituen MRA Navarrak joan zen ostiralean, Segovian. Beste behin ere indartsu eta erasokor atera zen kantxara Irurtzungo taldea. Gol aukera paregabeak izan zituzten, baina, atzera ere, aurreko asteetako oztopo berarekin egin zuen topo: punteriak huts egin zien. Bitartean, geldi-geldi bere lekua hartzen joan ziren Caja Segoviako jokalariak eta 11. minutuan, talde lan bikainari esker, etxekoen lehen gola sartu zuen Kensukek. Parez pare ibili ziren bi taldeak bigarren zatian, baina alde nabarmena izan zuten biek aurkarien atearen aurrean: Caja Segoviak 4 gol gehiago sartu zituen 15 minututan eta MRA Navarrak, berriz, ez zuen golak sartzen asmatzen. Eseberri izan zen Irurtzungoen gol lehortea gainditu zuen bakarra. Baina bere bi golek ezer gutxirako balio izan zuten.5. jardunaldia gainditu duten honetan, sailkapen nagusiko azken postuetan dago MRA Navarra: 12. postuan. Irurtzungoen 4 puntuak El Pozo de Murcia liderraren 12 puntuetatik urruti daude. Partidu txarra ez, baina emaitza kaskarraImanol Arregi ez zen gustura geratu partidaren emaitzarekin. "Partida nahiko irekia izan da eta bi taldeak parez pare ibili dira" esan zuen entrenatzaileak partidaren amaieran "baina, aurreko partidetan bezala, ez dugu asmatu aurkarien atearen aurrean". Urri amaierara arte ligarik ezAreto futboleko ohorezko mailako ligak Mundialari eginen dio lekua datozen asteetan. Urriaren 25era arte ez da partidarik izango. Mundialetik bueltan denboraldiko lehen partidetan baina emaitza hobeak lortzea nahi badute, MRA Navarrako jokalariek badute zer lan egin ate aurreko jokaldiak behar bezala amaitzeko.