Ostiralean despeditu zen Irurtzungo Iratxo elkarteak antolatutako Binakako Botxa Txapelketa. Jakina denez, botxa petanka antzeko jokoa da, eta normalean hiru kidek osatzen dute taldea; kasu honetan, binaka jokatu zuten. Bi astetan barna 12 biko jo eta fuego lehiatu dira Iratxoko botxategian eta ostiralean erabaki ziren lehendabiziko lau postuak. Txapeldunak Xabier Goñi eta Felix Urra izan dira (txorizoak jaso zituzten sari), txapeldunordeak Santos Iragi eta Julen Iragi (gazta txikiak jaso zituzten sari), hirugarrenak Gaizka Angulo eta Asier Galartza (gazta txikiagoak jaso zituzten), eta laugarrenak Manolo Moreno eta Marivi Astiz (ardo botilak izan ziren hauendako). Iratxo Sari Nagusia TxantrearaLarunbatean eta igandean Iratxo Botxa Sari Nagusia jokatu zen Iratxoko elkarteko botxategian. Berriozar, Txantrea, Amaya, Natación eta Irurtzungo botxa taldeak lehiatu ziren txapelketa azkar honetan, guztira 27 partaide. Irabazlea Txantrea izan da, bigarrena Berriozar, hirugarrena Gazteria eta laugarrena Sorgin Haizea. Txapelketa hauekin bukatu da maiatzean has izen Irurtzungo aurtengo botxa denboraldia, hurrengo urtera arte.