Kultur zirkuitua Irurtzun, Imotz eta Araitz-Larraunen

Guaixe 2008ko irailaren 19a

Aurten ere euskara elkarteek indarrak batzea adostu dute, haien kultur programazioa koordinatuz, eskaintza bateratua lortzen dutela eta iragartzen dituzten emanaldiak elkarren aberasgarri izateko. Horretarako formatu txikiko baina kalitate handiko ekitaldiez osatu dute heldu den asteotako programazioa. DiaporamakIrurtzun, Imotz eta Araitz-Larraungo kultur zirkuituaren ardatza ikus-entzunezkoak izanen dira, denak ere bidaien ingurukoak. Asier Arantzabal, Mila Gallastegi, Amets Arzallus, Txomin Txueka, Endika Fernandez eta Alberto Iñurrategi bidaiari abenturazaleak gonbidatu dituzte irailaren 19an hasi eta lastailaren 24an despedituko den zirkuituan parte hartzera. Zirkuitua gaur abiatuko da Irurtzungo Iratxo elkartean. Aizpea euskara taldeak antolatuta, 22:00etan, Asier Arantzabalek eta Mila Gallastegik Sahararen barrenak miatzen ikus-entzunekoa eskainiko dute. Saharako basamortuan, Tassili N’Ajjeren inguruan egindako bidai bitxia erakutsiko dute. Aljeriaren hegoaldean dagoen goi-lautada ezagutzera gonbidatzen gaituzte bidaiariak,  Erg Admer duna kateen eta Tassili handiaren ertzetik, haitzek eta dunek sortutako laberintoan. Gainontzeko saioakZirkuituko hurrengo emanaldia lastailaren 3an izanen da. Lekunberriko udaletxean Amets Arzallusek eta Txomin Txuekak Illimani:Boliviako izpiak eta hizkiak diaporama eskainiko dute. Lastailaren 10ean, Erasoko elkartean, Endika Fernandezen Alaskatik Ushuaiara bizikletaz diaporamarekin gozatzeko aukera izanen da. 18:00etan hasiko da proiekzioa. Kultur zirkuitu amankomunatua lastailaren 24an despedituko da, Beteluko udaletxean. Han Alberto Iñurrategik Begiz begi ikus-entzunezkoa eskainiko du, 21:00etatik aurrera.