Master mailakoek Irurtzunen despeditu zuten denboraldia

Guaixe 2008ko irailaren 23a

Hilaren 14an senior eta master mailako txirrindularitza proba hartu zuen Irurtzunek. 35 zikloturista lehiatu ziren Dos Hermanas taldeak antolatutako 8. Irurtzungo Udalaren Trofeoaren bila. Zikloturistek 102 kilometroko ibilbidea gainditu behar izan zuten, Basaburua, Ultzama eta Arakilen barna. Eguraldi txarrarekin izutu gabe, lasterketa buruan parez pare ibili ziren Euskadiko txapeldun Koldo Gutierrez, Arluy taldeko Jorge Vicente eta Caravanas Oiartzun taldeko Arkaitz Arakistain. Azken horrek zeharkatu zuen helmuga lehen postuan, arerioak San Martin kaleko maldan atzean utzita. Senior kategoriako lehena izan zen Arakistain, 30 urtez gorako master mailan lehena Koldo Gutierrez, 40tik gorakoetan Gerardo Perez eta 50etik gorakoetan Jose Javier Ruiz. Nafarroako Kopa Egutegiko azken lasterketa izaki, Irurtzungo lasterketan erabaki zen master mailako Nafarroako Kopa. 13 probatan batutako puntuei esker, Scania taldeko Iñaki Villoria izan zen 30 urtetik gorakoetan lehena; Azpiru taldeko Gerardo Perez 40 urtetik gorakoetan lehena; Scania taldeko Francisco Liñan 50 urtekoetan lehena eta bere taldekide Jose Antonio Lurgain 60 urteko masterretan lehena. Senior kategorian Maxim taldeko Kepa Vallejok jaso zuen saria.