Araçakak MRA Navarrako defentsa indartuko du

Guaixe 2008ko irailaren 24a

Hilabete luzeko negoziaketen ondoren, Brasilgo Araçatubako jokalari Alexandre Manoel Da Silva, "Araça" ezizenez ezaguna, MRA Navarra Xotan ariko da. Irurtzungo taldeak jokalaria heldu bezain pronto aurkeztu zuen prentsa aurrean, asteartean, Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, MRA-koak entrenatzen ari zirela. Xotako presidente Jose Antonio Arregi, taldeko entrenatzaile Imanol Arregi eta itzulpen lanak egin zituen Pablo de Almeida izan ziren Araçarekin. 23 urteko jokalariak azaldu zuen taldean ahal duena emateko prest dagoela, batez ere defentsan, eta oso pozik zegoela Espainiar Estatuko Ohorezko Mailako Ligan arituko delako "munduko jokalari onenak hemen baitaude". "Entrenatzaileendako oso gustukoa den jokalaria da, oso defendatzaile ona, beti ongi kokatua dagoena eta erasoan mugikortasun ona duena, azkarra dena" azaldu zuen Imanol Arregi entrenatzaileak, pozez gainezka. Jakina da, Imanolen eskaerari erantzunez kontratatu dutela Araça. "Jokoa irakurtzen oso ongi daki, 23 urte baino 30 dituela dirudi" gaineratu zuen entrenatzaileak. Mediku-azterketa pasatuta, MRA Navarrako gainontzeko taldekideekin berehala hasi da lanean Xotako jokalari berria. Bere kirol ibilbideari dagokionez, Brasilgo Barueri, Banespa, Unisul, Ulbra eta RCG/Banespa taldeetan aritu da azkenaldian. Azken talde horrekin abendura arte zeukan kontratua brasildarrak, baina jokalariaren lekualdatzerako adostasunera heldu dira Banespa eta Xota. "Berarengatik ordaindu behar izan dugu baina ziur gaude primerako inbertsioa egin dugula" nabarmendu zuen Tatono Arregi presidenteak. Araçarekin MRA Navarra Xotak 2008-2009ko plantilla itxi du.