Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Enpresa interesatuek lur-sailagatik eskaintzak egiteko epea lastailaren hasieran despedituko da. Irurtzungo Udalak salmenta enkante bidez eginen du eta hasierako prezioa 522.699,77 eurokoa da. 21 eta 23 etxebizitza artean egiteko aukera ematen du lur-sailak. Eraikinek behe solairua eta beste 2 izanen dituzte. Udalak aurreikusitakoaren arabera, enpresa eroslea azaro aldera hasiko litzateke errentan emateko erregimen bereziko babes ofizialeko etxebizitzak egiten. Horren ondoren errentan ematea eta mantenua kudeatu beharko lituzke. BaldintzakIrurtzungo Udalak lur-saila saltzea erabakitzearekin batera enpresa interesatuek bete beharreko baldintza plegua ere onartu zuen. Agiri horretan jasotzen denez, enpresa hartzaileak ezin izanen dio kontratua beste hirugarren bati pasa, alokairu epea bukatu gabe edota udalak propio baimendu gabe. Enpresa hartzaileak berak egin beharko du sustapena. Udalak zehaztutakoaren arabera, errentan emandako etxebizitza bakoitzak traste-lekua eta garaje plaza bana ere izanen du. Prezioak aurrez zehaztuak izanen dira. Jakina, errentan ematen diren etxebizitza guztiengatik agiria sinatu beharko dute enpresak eta hartzaileak. Gainera, egiten diren kontratu guztien kopia bana jaso beharko du udalak. BaremoaSustapen horren bidez udalak irurtzundarren etxebizitza beharra ase nahi du eta horregatik baremo bat zehaztu du udalak, gero Nafarroako Gobernuak baimendu beharko duena. Hari jarraituz banatuko dira etxebizitzak irurtzundarren artean. Udalaren asmoa da alokairuzko etxebizitza premia handien duten Irurtzungo kolektiboei horretarako erraztasunak ematea, hau da: 18 eta 35 urte bitarteko gazteak; 65 urte baino gehiagoko pertsonak eta guraso bakarreko familiak. Horretaz gain, herrian erroldatuta daramaten denbora ere kontuan izanen da eskaera bakoitza aztertzerakoan. Asmo horiek kontuan izanik, Irurtzungo Udalak hainbat aspektu hartu ditu kontuan baremoa osatzerakoan. Hala, eskatzailearen etxebizitza premia aztertzerakoan aztertuko da. Horrekin batera, eskatzailearen familia- zein pertsona-egoera ere aztertuko dira. Errentan etxebizitza hartu nahi duten familien diru-sarrerak eta Irurtzunen bizitzen daramaten denbora ere kontuan hartzen dira udalaren baremoan.