Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Beti bezala prezioak oso-oso merkeak izan ziren eta mauka ederrak opatu zituzten azoka bisitatu zituztenak. Azokakoarekin, zinema emanaldian, elkartasun afarian eta kontu korrontean egindako ekarpenekin batu ditu Itxipuruk 2.277 euroak. Diru hori Argentinako Santa Anita herriko Reverendo Padre Enrique Becher landa ospitalean manometroak dituzten oxigeno hodiak, pediatrendako sekrezio-xurgatzaile elektrikoak eta eskuzkoak eta kolposkopioa erosteko erabiliko dituzte. GarapenaItxipuruko kide batek Beleixe Irratiari azaldu dionez hasieretako azoketatik egungoetara aldea dago: "hasierakoetan objektuz betetako 9-10 mahai jartzen genituen. Orain 40, eta soilik ongi dauden materialak jartzen ditugu azokan. Sailkapena egin ondoren kamioi bete bat ematen diegu Emausko traperoei". Itxipurutik Beleixe Irratiari azaldu diotenez gero eta arropa gehiago saltzen da, "ia-ia erdia berria da, dendetatik zuzenean jasotakoa". Elkartasun taldeko ordezkariak Sakanako irrati euskaldunean azaldu duenez azokako "goizetan, objektu gehiago jarrita ere, ezinezkoa da gehiago saltzea, datorren jende kopurua bera delako. Lortzen den diru kopurua egonkortu egin da. Horretaz konturatu gara". Irurtzundik kanpoko jende asko ere joaten omen da azokan. Parte hartzeaAzokaren helburuak hasierako berak dira: zaborretan buka zezaketen objektuei bigarren bizitza ematea, eta haien bidez lortutako dirua egitasmo batetara bideratzea. Baina zeharka, azokak bestelako fruituak ere eman ditu Itxipururendako, "proiektuak lantzen dituztenen artean halako sare bat sortu da herrian". Horretaz gain, Itxipururendako parte hartzeko beste modu bat jarri da martxan. "Taldean bulego lana egiten dugunak 5 gara. Jendea bileretara joatez nekatuta dago. Gauza zehatzak egiteko aukera ematen dugu eta jendeak erantzun egiten du. Azokaren atzean jende asko dagoelako. Gu pozik gaude, hala den bitartean azokak jarraituko baitu".