MRA Navarra, irabaztera behartuta

Guaixe 2008ko urriaren 24a

Areto futboleko Mundialak despeditu eta gero - Brasilek Espainia penaltyetan menpean hartu zuen - atzera ere bueltan da Ohorezko Mailako Areto Futboleko liga. Geldialdi hau lagunarteko partidak egin eta gogor entrenatzeko probestu dute taldeek, eta guztiek ligari berriro ekitea dute buruan. Sailkapenari erreparatuz El Pozo da liderra, 12 punturekin eta MRA Navarra 12.a da, 4 punturekin. 6. Jardunaldia etxean jokatuko du Irurtzungo taldeak, gaur, urriaren 24an, ostiralean, Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 20:30ean. 3 punturekin sailkapenean 14.a den Guadalajara taldea izanen du arerio MRA Navarrak. Arerio konplikatua izango da, bi taldeek helburu berbera baitute: atzeko postuak uztea. Horregatik guztia ematera aterako dira biak, puntuak batu eta sailkapeneko goi postuak buruan. Printzipioz jokalari guztiak jokatzeko moduan daude, Eseverri izan ezik. MRA Navarrako kapitainak Brasilen jokatutako mundialetan hartu du parte Espainiako selekzioarekin, baina aurretik partida baten santzioa zuenez, ezingo da Guadalajararen kontra aritu. Atseden hori ongi etorriko zaio Mundiala ahaztu eta bere burua Ohorezko mailan kokatzeko. Robert ere zalantzazkoa da, ezkerreko orkatila minduta du eta. Bestalde, Irurtzungo taldearekin debutatzeko prest dago Araça, paperak eguneratu eta gero. Jokalari brasildarrak MRAren defentsa indartuko du. Imanol Arregi entrenatzaileak belauneko meniskoan ebakuntza izan zuen duela gutxi baina espero da partida zuzentzeko kapaza izanen dela. Ea nola ekiten dion ligari Irurtzungo taldeak.