Lur-jausi berriek zaildu eta garestitu egin dute Artadiko tunelaren konponketa

Guaixe 2008ko urriaren 21a

Duela 4 urteko lur-jausiaren kalteak konpontzeko Irurtzungo Udalak 90.000 euro bideratu zituen aurtengo aurrekontuan, "matxura izanen balitz, Irurtzun urik gabe geratuko litzatekeelako zenbait egunez". Irurtzungo Udalaren aurrekontu hori 2006an egindako txosten araberakoa izan zen. Udalak Nafarroako Gobernuarekin akordioa lortu zuen eta  hura arduratu zen tunelaren konponketa lanen egitasmoa egiteaz. Uda honetan teknikariak Artadiko tunela nola dagoen ikustera joan direnean konturatu dira lur-jausi gehiago egon direla. 2006 urtean 90.000 euroko balioa zuten lanak aurreikusi ziren. Azken txostenak aurrekontua 278.000 eurora igo du. Gehiegi, bai udalarendako baita Sakanako Mankomunitatearendako ere. Gogoan izan mankomunitateraren ardura dela altako ur hornidura. BileraAstelehenean Irurtzungo alkate Txiki Iriarte eta Sakanako Mankomunitateko presidente Migel Angel Zubiria Herri Lan Departamentuko Zuzendari Nagusi Jose Luis Etxabarri Arraizarekin bildu ziren. Egoeraren berri eman zioten gobernuko ordezkariari. Etxabarri jaunak Sakanako ordezkariak Toki Administrazio Departamentura bideratu zituen, "lanak egin beharraren premiaz" jabetu zela azaldu digu Migel Angel Zubiriak. Astelehenean bertan egin zuten bilera eskaera Toki Administrazio Departamentuan udaleko eta mankomunitateko ordezkariek. Haien eskaera zuzendari nagusiaren eskaerarekin bat egin zuen. Bileraren dataren zain gelditu dira. Mankomunitateko buruak esan digunez Nafarroako Gobernuak eginen duen diru ekarpena "departamentu batetik baino gehiagotik atera liteke, kontuan izanik tunela Plazaolako bide berdearen zati izanen dela eta Nafarroako Txirrindularen Plan Zuzentzailearen zati dela".