Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eguraldiak etxetik ateratzera gonbidatzen ez bazuen ere, Errotxapeako pilotalekua lepo bete zen atzo, Frontis enpresak antolatutako lau eta erdiko Iruñeko Hiria txapelketako finalerdiak ikusteko. Jaialdiko bigarren partidan, Jorge Nagore eta Xabier Urdaniz ibili ziren zein baino zein, esperientzia eta ilusioaren arteko lehian. Hasiera bizia eman zioten partidari eta 23 urteko gazteak aurre egin zion sakandarrari. Hala ere, beteranoarendako izan zen lehen jokoa, 10-7. Bigarren jokoan, beste behin ere, kaiolan duen abilezia erakutsi zuen Irurtzungoak eta 5 tantoko aldea lortu zuen (5-0). Urdaniz gazteak erreakzionatu eta tanto ederrak egin zituen. Baina ordurako berandu zen. Irurtzungo aurrelaria, golpe paregabeekin, 10-4 gailendu zen eta, bi joko irabazita, beretako izan zen finalerako txartela. Larunbatean, hilaren 8an jokatuko da final handia, Iruñeko Labrit pilotalekuan, 18:00etan hasita. Irurtzundarrak Ander Antxia izanen du aurrez aurre. Urte borobila izan da aurtengoa Antxia gaztearendako eta bera da Frontisen Zirkuitu Profesionaleko liderra. Duen guztia eman beharko du Jorge Nagore kaiolako maisuak hura mendean hartzeko.