Azken minututan galdu zuen MRA-k

Guaixe 2008ko azaroaren 3a

Irurtzungo taldeak puntu baliotsua utzi zuen Torrejon de Ardozen larunbatean. Markagailuan aurreratu bazen ere, azken minututan galdu zuen partida. Partida ederra eskaini zuten bi taldeek, zaleen gozamenerako. MRA-k fitxatu berri duen aurrelari brasildarra, Araça, izan zen markagailua estreinatzen lehena, 0-1ekoa ezarriz. Puertas arduratu zen partida berdindu eta 2-1ekoa sartzeaz. Baina ez zuten etsi Irurtzungoek eta, bide horretatik, berdinketa gola sartu zuen Joelek. Hori gutxi ez, eta, atzera ere, aurreratu egin ziren bisitariak, Fernandezen 2-3koarekin. Atsedenaldira abantailarekin joanen zirela zirudienean, 20. minutuan, 3na berdindu zuen Torrejoneko Davichín-ek. Ez zen hor amaitu gol festa. Atsedenalditik bueltan, Lukuianek 3-4koa markatu bazuen ere, Torrejonek hartu zuen partidaren gidaritza. 5-4 aurreratu ziren etxekoak, baina 38. minutuan, partida amaitzeko 2 minuturen faltan, berdinketaren gola sartu zuen Pablok. Partida puntu banaketarekin amaituko zela zirudienena, Jaison eta Kitaren golek 7-5ean utzi zuten markagailua. 7. jardunaldiaren ondoren, sailkapen nagusiko 12. postura jaitsi da MRA Navarra, 7 punturekin. El Pozo de Murciak jarraitzen du lider, 16 punturekin. Lau partida jokatu ditu MRA Navarrak etxetik kanpo eta lauak galdu egin ditu. 8. jardunaldia etxean jokatuko badu ere, ez du norgehiagoka erraza: 13 punturekin sailkapen nagusiko 3. postuan dagoen Lobelle Santiago hartuko du ostiralean Iruñean, Unibertsitateko Pabilioian. Hala ere, sailkapen nagusiko postu arriskutsuak utziko baditu, jokoan dauden puntu denen bila atera beharko da kantxara.