Folk doinuen bidetik

Guaixe 2008ko azaroaren 7a

Baztan, Castejon, Lekunberri, San Adrian eta Irurtzungo udalek elkarrekin antolatu dute Folk ametsetan zikloa. Antolaketan Nafarroako Gobernuaren laguntza ere izan dute. Herri musiken erakusleiho izan nahi du zikloak eta horretan ari da 1990ean sortu zenetik. Orduz geroztik, zikloak bide egin du kalitatezko folk emanaldiak eskainiz. Folkaren, eta oro har musikaren zaleak, zorionekoak dira Folk ametsetan zikloko emanaldiekin gozatzeko aukera izanen dutelako. Nahi duenak, gaur bertan egin dezake bere aurreneko folk ametsa. Doinua Lantz taldeak jarriko dio 21:30etik aurrera. LantzFolk musikan eta beste estiloetako doinuak sortzen eskermendu zabaleko musikariek osatzen dute Lantz. Hala, Garbiñe Insaustik, Olatz Pratek eta Oihana Lekuonak ahotsak jartzen dituzte. Alaitz Telletxea: trikitixa eta panderoa. Juan Ezeiza: bibolina, alboka, whistle eta xirula. Xabi Lopez: gitarra akustikoa. Josean Martin Zarko: gitarra akustikoa, bouzouki eta mandolina. Taldearen sortzaileen artean ere zendu berri den Mikel Errazkin musikaria zegoen. Lantzek Hirusta Records diskoetxearekin Igaran gaiak lana argitaratu zuen. Disko horretan Lantzek elementu akustiko eta elektronikoak nahasturik, "aldi berean garaikidea eta tradizionala izaterik badagoela" adierazi nahi du. Kantutegi tradizionaleko abestien moldaketa polifoniko eta instrumental "aparteko eta originalak" egiten ditu taldeak, entzulearen zentzuak bereganatzeko. HungariarrakGaurko emanaldiaren ondoren zikloko bigarren kontzertua bihar izanen da, 19:30ean, kultur etxean. Eskenatokian Zurgo taldea izanen da. 1993an Hungarian, Budapesten, sortutako taldea da Zurgo. Taldea Errumaniako Moldva eskualdean bizi diren hungariarren, csángoen, musika kultura berreskuratzen eta mantentzen saiatzen da. Doinu horiek Erdi Aroko Europako eta Asiako kulturako elementuak mantentzen dituzte. Hala, gregoriano melodiekin batera, herri kanta garaikideagoak eta jatorri askotariko dantza doinu ugari opatu daitezke csángoen musika kulturan. Bihar Irurtzunen izanen den Zurgo taldeak bi disko ditu kalean eta, gainera, herri askotako musika biltzen duten makina bat argitalpenetan egin du bere ekarpena. Hungarian itzal handiko taldea da eta Europan barna emanaldi ugari eskainitakoa da. Zurgo taldea sei musikarik osatzen dute: Lídia Draskóczy  (bibolina); Andrea Navratil (ahotsa); Rita Sebestény (danborra eta gardona), László Demeter (koboza), Bercel Nagy (Txirula, kavala eta tilinkoa) eta Csaba Sófalvi Kiss (txirula, kavala eta tilinkoa). Folk ametsetan zikloa hilaren 16an despedituko da. Orduan Irurtzun kultur etxean Irlandako folk musika jotzen duen O´Carolan taldearen txanda izanen da.