Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean Frontisek antolatutako lau t´erdiko Iruñeko Hiria Irekiko finala jokatu zen Iruñeko Labriten, 350 zale ingururen aurrean. Jorge Nagore irurtzundarrak eta Ander Antxiak nahi zuten txapela, eta gogor lehiatu ziren. Adituek Nagore jotzen zuten faborito, lau t´erdian espezialista baita, baina Antxia bizkaitarrak ez zuen amore eman. Hasieratik komeni zitzaion erritmoa ezarri zuen Antxiak eta gogoz estutu zuen irurtzundarra, baina hau ez zen kokildu. Partida horren borrokatua zen lehen jokoan bederatzira berdindu zutela. Antxiak zuen sakea, baina bere sakeak ez zuen hirugarren linea gainditu, eta hortaz tantoa eta lehen jokoa Nagorerendako izan ziren. Bigarren jokoan ere antzera jarraitu zuen norgehiagokak. Partidaren erritmo biziak eragina izan zuen Jorge Nagorerengan: Antxiak ongi eusten zion, baina Nagore indarra galtzen hasi zen. Horrela, bigarren jokoa Ander Antxiak irabazi zuen, 5-10. Finala, hortaz, hirugarren jokoan erabakiko zen. Antxiak zeukan sakea eta 3-0ko abantaila lortu zuen. Nagorek egoerari buelta emateko aukera izan zuen, tantoa lortu baitzuen, baina ezin izan zion Antxiaren erritmoari eutsi. Azken jokoan 1-5 nagusitu zen bizkaitarra eta Iruñeko Hiria Irekiko txapela bereganatu zuen.