Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo taldeak ezin izan zuen Lobelle mendean hartu joan zen ostiraleko partiduan. Parez pare ibili ziren bi taldeak, baina Lobellek hobe probestu zituen bere gol aukerak eta 2-3 gailendu zen. Atzean zentratu ziren bi taldeak partiduko lehen minututan, eta gol aukera gutxi izan zituzten. Erasoak ugaltzen joan zirenean, MRA kantxa erdian baloiak galtzen hasi zen. Eskerrak Juanitok Lobelleren erasoak gelditu zituen. Lehen zatia 0nako berdinketarekin amaituko zela zirudienean, 18. minutuan, markagailua mustu zuten bisitariek, Carlinhos-en golari esker. Erasokor atera zen MRA Navarra bigarren zatian. Berdinketaren gola sartu zuen Robertek 22. minutuan. Jarraian golak sartzeko beste hamaika aukera izan zituen. Lukuianek batean, Robertek bestean, Joelek ondoren... Baina punteria faltagatik batzutan eta atezainaren lan onarengatik bestetan, atzera ere gola sartzeko arazoak izan zituzten. Etxekoen unerik onenean, bi gol sartu zituen Lobellek, MRAren ilusioa zapuztuz. Hutsartea eskatu eta taldea indarberritzea lortu zuen Imanol Arregik. Eraso bat bestearen atzetik eginez, 2-3koa sartu zuen Lukaianek. Markagailuari buelta emanen ziotela zirudien, baina Mendiolaren geldialdi bikainek ezinezko egin zuten ametsa. Partidu amaieran "emaitza injustua" zela adierazi zuen Imanol Arregik. "Haiek aukerak hobe aprobetxatu dituztelako lortu dute garaipena" esan zuen "Ongi jokatzen ari gara, baina kosta egiten zaigu golak sartzea". Hori da MRA Navarrak denboraldi honetan duen arazoa. Etxetik kanpo zen orain arte, baina orain etxean ere galtzen hasi da. Gauzak horrela MRAk gero zailago du Koparako sailkatzea. Sailkapen nagusiko 12. postuan jarraitzen du MRA Navarrak, 7 punturekin. Inter Movistar da lider berria, 17 punturekin. Larunbatean du hurrengo norgehiagoka, 14 punturekin, 4.a den Bartzelonaren aurka. 16:30ean izanen da, Palau Blaugranan.