Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azaroaren 5ean Prometheus Electronics elkarteak enplegu-erregulazio dosierra aurkeztu zuen. Multinazional ingeles hori da Cadena Master-Idea taldeko akziodun nagusia eta berak hartutako erabakiak estatuko 700 langileri eragiten die. Tartean Irurtzungo biltegian lan egiten duten 28ei. Bestela esanda, biltegia itxi eginen da. Master Cadena eta Idea elektratresna banatzaileak 2006. urtean batu ziren. Prometheus Electronics elkarteak du taldearen jabetzaren hiru laurdena. Beste laurdena lehengo akziodunen esku gelditu zen. Horien artean dago GN electrodomesticos, Ciclos Noain zena. Likidezia eta kontsumo krisia dela eta kateak ordainketa-etendura agindu zuen uztailaren 23an. Hala azaldu zuten orduan komunikabideek. Bestelako iritzia du Enpresa batzordeko ordezkari Jose Ignazio Larraioz Mateok, "ez da krisia, fusioaz geroztik taldeak bi urte daramatza kudeaketa txarrarekin". Langileen ordezkariak gogora ekarri zuen maiatza hasieran hiru langile Madrilera eramatea eta 11 langile kanporatzea proposatu zuela. "Haiek kanporatzea negoziatu zen eta handik gutxira katea hornitzaileei ez ordaintzen hasi zen eta merkantzia sartzeari utzi zion". EskaerakEnpresa batzordeko ordezkari Jose Ignazio Larraioz Mateok azaldu digunez "enpresaren asmoa da legeak aurreikusten duen kalte ordaina ordaintzea. Hau da, lan egindako urte bakoitzeko 20 egun eta 12 hilabeteko soldata. Hori ziurtatuta dugu eta zuzendaritzarekin ditugun bileretan eskatzen ari gara lan egindako urte bakoitzeko 40 egun eta 20 hilabeteko soldata". Pasa den asteazken eta astelehenean bilerak izan zituzten eta gaur ere batzartzekoak ziren aldeak. Langileek ez dute mobilizazioak egitea baztertzen. LangileakKateak Irurtzunen duen biltegian 28 langilek lan egiten dute. Sakandarrak eta Iruñerrikoak dira gehienak. Adinari dagokionez badira hiru 50 urtetik gora dituztenak, baina gehienek 25 eta 40 urte artean dituzte. Helduenendako zuzendaritzak ez du ezta aurre-jubilazio eskaintzarik ere egin. Jose Ignazio Larraioz Mateok azaldu digunez "bi hilabete daramagu ezer egin gabe". Antza biltegian dituzten gauzak "zaharrak" dira edo oso garestiak. Aspaldi ez omen da materialik atera Irurtzungo banaketa zentrotik. Langileen ordezkariak esan digunez "kateko dendak ez dira nahikoa duten materiala saltzeko eta egoeraren aurrean elkartutako dendak konpetentziara pasa dira".Biltegia2006ko urte bukaeran zabaldu zuen kateak Irurtzungo Akaborro industrialdean biltegia, handik katearen Kantabria, Aragoi eta Kataluniako biltegiak hornitu eta bide batez Hego Euskal Herriko eta Errioxako kateko dendak hornitzeko, 150 bat. Bulegoez gain, 7.500 metro karratuko biltegia du kateak Irurtzunen. 12.000 produktu biltzeko gaitasuna du biltegiak eta zamaketa lanetarako 16 kai.