Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Baztan, Castejon, Lekunberri, San Adrian eta Irurtzungo udalek elkarrekin antolatu dute Folk ametsetan musika zikloa, kalitatezko folk doinuak ekartzeko asmoz. Bada, aurten Irurtzunen hiru kontzertu izanen dira guztira. Ostiralean Lantz taldearen txanda izan zen, eta elementu akustiko eta elektronikoak nahasturik folk kontzertu bikaina eman zuen taldeak, kantutegi tradizionaleko abestien moldaketa polifoniko eta instrumental apartekoak eginez. Larunbatean, aldiz, Zurgo talde hungariarraren txanda heldu zen. Hain zuzen ere, talde hau Errumaniako Moldva eskualdean bizi diren hungariarren, csángoen, musika kultura berreskuratzen eta mantentzen saiatzen da, eta emanaldi berezi eta ederra eskaini zuten. Bada, Folk Ametsetan zikloak Irurtzunera ekarri duen azken kontzertuaz azaroaren 16an, igandean, gozatzeko aukera izango da, 19:30etik aurrera Irurtzungo Kultur Etxean. Irlandako musika jotzen duen O´Carolan izeneko taldea izango da oholtzara igoko dena. Talde honek Irlandako Turlough O´Carolan (1670-1738) musikari eta konpositore irlandarretik hartu zuen izena. O´Carolanek bere garaiko musika barrokoa Irlandako musika tradizionalarekin elkartu zuen maisuki eta naturaltasun osoz, eta hain zuzen ere, O´Carolan taldearen errepertorioan aipatu musikari honen lanak dira nagusi. Horretaz gain, beste erregio eta herrialdeetako pieza tradizionalak eskaintzen dituzte. O´Carolan taldearen emanaldiak ikusgarriak dira, instrumentu asko erabiltzen baitituzte, maisutasun handiz, kalitate handiko emanaldi eta giro berezia sortuz. Bi disko dauzka O´Carolan taldeak: Alrededor de una vela eta La llave de los sueños. Informazio gehiagorako www.ocarolanfolk.com web gunera jo daiteke. O´CarolanSusana Arregi: biolina.Pilar Gonzalvo: Irlandako arpa eta akordeoi diatonikoa. Julián Ansuategi: bodhran, jembé eta tin whistle.Chema Arkarazo: gitarra akustikoa. Miguel Angel Fraile: tin whistle, low whistle, botoko gaita eta bombarda.Jesús Acero: bouzouki, gaita galiziarra eta eskoziarra, eta mousettes.