Etxetik kanpo irabazi gabe jarraitzen du MRAk

Guaixe 2008ko azaroaren 17a

MRAk azken aldiko bideari eutsi zion joan zen asteburuan ere. Maila onean jokatu zuen, baina golak sartzeko arazoak izan zituen. Gauzak horrela, etxetik kanpo irabazi gabe jarraitzen du Irurtzungo taldeak.Hasiera paregabea eman zion Xotak partidari. Minutu bakarrean 3 gol aukera izan zituen Lukaianek, baina atezainaren beso-zangoekin edota zurtoinarekin egin zuen topo. Joelek hartu zuen txanda eta, bere jaurtiketa bai, ate barrura sartu zen, eta 1-0ekoa markatu zuen. MRAren minuturik onenak izan ziren, 12. minutuan atezainaren hutsa baliatuta Bartzelonak gola sartu zuen arte. Golarekin piztu egin zen talde kataluniarra eta ez zuten denbora asko behar izan 2-1ekoa sartzeko. Atsedenalditik bueltan, indartsu atera ziren etxekoak. Baina Chicok bere atean sartutako golari esker, MRAk berdindu egin zuen. 2-2koak indarberritu egin zituen Irurtzungoak. Golaren bila, aukera argiak izan zituzten Lukaianek eta Robertek, baina ez zuten asmatu. Kontraerasoan, Xotak defentsan egindako hutsa baliatuta, 3-2koa sartu zuen Bartzelonak eta, norgehiagoka erabakitzeko, 4-2koa. Imanol Arregik adierazi zuenez, azken partiduetan bezala "maila onean lehiatu da taldea, baina aurkariaren atean huts egin dugu". Hori aldatu ezean nekez eginen du gora MRAk. El Pozo de Murcia da liderra, 19 punturekin. MRA Navarra sailkapen nagusiko 12. postuan dago, 7 punturekin.Ostiralean jokatuko du hurrengo norgehiagoka, Iruñeko Unibertsitateko Pabilioian, 13 punturekin 7. postuan dagoen Peinsa Cartagenaren aurka. Javi Eseberri eta Pablo gabe egin beharko dio aurre partidu garrantzitsu horri.