Master Cadenaren azken eskaintza aztertuko dute langileek

Guaixe 2008ko azaroaren 21a

Asteleheneko bilera antzuaren ondoren, atzokoan batzartu ziren Madrilen Master Cadenako langileen ordezkariak eta enpresako zuzendaritza. Enplegu-erregulazio espedientea aurkeztu du enpresako akziodun nagusiak eta 700 langile kaleratzea aurreikusten du. Horien artean Irurtzungo biltegian lan egiten duten 28an. Atzoko bilkura kaleratze baldintzen inguruko adostasunik gabe amaituko zela zirudien, aldeek ez zituztelako haien posizioak mugitu nahi. Enpresak langileei egindako eskaintza hau izan zen: urte bakoitzeko 22 eguneko soldata, lehen baino bi gehiago, eta bi hilabeteko soldata, guztiak 3 alditan ordaintzeko. Langileen ordezkariek, berriz, haien eskaera pixka bat jaitsi zuten: lan egindako urte bakoitzeko 35 eguneko soldata, bost egun gutxiago, eta 15 hilabeteko soldata, guztia aldi berean kobratzekoa. Adostasunik ez zenez zuzendaritzak bilera utzi zuen. Orduan, epaitegiko ordezkariak langileen ordezkariei galdetu zien haien eskaerak noraino jaisteko prest zeuden. Haiek erantzun zioten lan egindako urte bakoitzeko 25 eta 28 egun arteko soldata, gehi 12 hilabetekoa eta guztia kobraketa bakarrean jasotzeko. Epaitegiko ordezkariak zuzendaritzarekin hitz egin eta gero, astelehenean berriro biltzekotan gelditu dira. Bitartean langileen ordezkariek lankideen iritzia jasoko dute. Bestalde, langileek jakitera eman digutenez Irurtzungo biltegia Master Cadenako akziodun den GN (Grupo Noain) taldearena da. GNk Master Cadenari biltegia alokatua dio. Langileek ez dakite zer gertatuko den biltegiarekin haiek hura utzi eta gero.