Proposamenez beteta datoz Euskal Ekitaldiak

Guaixe 2008ko azaroaren 27a

Irurtzungo Aizpea euskara taldeko Blanca Ilundainek, Josune Astizek eta Gotzone Sainz de Murietak abenduaren 3tik 31ra bitartean antolatutako Euskal Ekitaldiak aurkeztu zituzten asteazkenean Iratxo elkartean. Aipatu ekitaldiak Aizpeak antolatu ditu, Irurtzungo Udaleko Kultur Kontseiluaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz. 7.000 euro inguruko aurrekontua dute. Prestatutako egitaraua asteburuan banatuko dute Irurtzungo etxe guztietan, "Euskararekin Txapeldun" lehiaketako galderekin batera. Pirritx eta Porrotxen Piratak azken lana ikusgaiAizpeak 10 urte pasa daramatza abendu aldean Euskal Ekitaldiak antolatzen, eta horregatik "aldaezinak" diren ekitaldiak daudela adierazi zuen Blanca Ilundainek, bertso afaria, Euskararekin Txapeldun lehiaketa, hitzaldiak eta Pirritx eta Porrotxen emanaldiak, kasu. "Pirritx eta Porrotxek bospasei urte daramatzate abenduaren 3an Irurtzunera etortzen, bere azken lana aurkezteko. Arrakasta handiko emanaldia izaten da, kiroldegia lepo betetzen da, eta haurrak beti emanaldiaren zain egoten dira" gaineratu zuen Ilundainek. Hain zuzen ere Pirritx, Porrotx eta Marimototxek euren azken lana estreinatuko dute, Piratak izenekoa, lapikotik atera berri-berria, abenduaren 3an, 17:30ean, Irurtzungo kiroldegian. Sarrerak salgai daude, 6 eurotan, Pikuxarren eta Martxuetan. "Nafarroaren egun horretan, euskarari apenas kasu egin gabe Nafarroako Gobernuak antolatutako egitarau ofizialetik kanpo, kalitatezko emanaldi bat eskaini nahi diegu umeei, euskaraz" nabarmendu zuten Aizpeakoek. Zumaiara txangoa eta euskal mitologiari buruzko hitzaldiakAbenduaren 6an Zumaiara txangoa eginen dute, autobusez 8:30ean aterata. Herria bisitatu eta gero, nahi dutenek Zelai talasoterapiara joateko aukera izango dute eguerdian, eta ondoren guztiak bapo bazkaltzera bilduko dira Zelain bertan. Talasoterapiara eta bazkarira joaten direnek 35 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkarira doazenek 20 euro. Bestalde, euskal mitologian aditua den Aritza Bergarak hiru hitzaldi eskainiko ditu abenduaren 12an. Mitologika liburuaren egilea da, euskal kondairak bildu ditu eta Orritz taldeko pertsonaia mitologikoak bere lana oinarri hartuta hautatu ziren. Goizean Atakondoa ikastetxean DBHko eta 6. Mailakoendako bi hitzaldi emanen ditu, bata euskaldunendako eta bestea erdaldunendako, mitologiari buruz. Eta arratsaldean, 20:00etan, Kultur Etxean, mitologia aintzat hartuta primerako ikuskizuna eskainiko du, hitzaldia emateaz gain kondairak kontatuz. Denok BECera Kontseiluarekin batKontseiluak Euskaraz bai ekitaldia antolatu du abenduaren 13an Barakaldoko BEC erakustazokan, 10. urteurrena ospatzeaz gain oraindik ere euskaraz normaltasunez bizitzeko lanean jarraitzeko gonbitea eginengo du Kontseiluak, ekitaldi jendetsuan. Deialdiarekin bat eginez, Aizpeak autobusa antolatu du Barakaldoko ekitaldian egoteko. Autobusa 16:00etan aterako da eta bertan izateko Pikuxar eta Martxuetan eman behar da izena. "Jendeari BECeko ekitaldira joatea animatu nahi diogu bereziki. Euskara bultzatzeko eta BEC betetzeko ahalegin berezia egin behar dugu. BECa bete behar dugu, oraindik euskararen alde egiteak militantzia eskatzen duelako" nabarmendu zuen Ilundainek. Horrekin lotuta, Kontseiluak prestatutako Euskaraz Bai erakusketa abenduaren 17an eta 18an izanen da ikusgai Irurtzungo udaletxeko Batzar Aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Panel eta ordenagailu bidez prestatutako proiekzioen bidez 10 urte hauetan Kontseiluak egindako lana eta euskararen egoerari buruzko datuak ikusi ahal izango dira. Euskararekin Txapeldun eta bertso afariaAizpea elkartekoak duela 20 urte inguru hasi ziren Euskararekin Txapeldun lehiaketa antolatzen. Hasieran umeekin egiten zen lehiaketa zen, baina egun jende guztiarendako da. Herriko tokiei, eginkizunei eta euskarari buruzko galdera sorta prestatzen du Aizpeak, etxe guztietan banatzen dena. Galdera guztiak asmatzen dituztenen artean Gabonetako saski eder handia zozketatzen da, eta parte hartzaile guztien artean saski xumeagoa. Iaz 50 parte hartzaile inguru izan ziren. Erantzunak abenduaren 16a baino lehenago utzi behar dira Iratxo elkartean eta Pikuxarren jarriko diren kutxatxoetan. Eta hain zuzen ere abenduaren 20an, bertso afariaren aurretik, eginen da zozketa.Iratxo elkarteak hartuko du bertso afaria, abenduaren 20an, 21:00etan. Aurten Julen Zelaieta eta Beñat Gaztelumendi izanen dira afalondoan kantuan ariko direnak, eta ziurrenik umorea ez da faltako.  Blog bat egiten ikasteko aukeraNobedade moduan, teknologia berriekin lotutako ekitaldia prestatu du Aizpek. Horrela, blog bat nola egiten den, euskaraz, ikasteko aukera izango da. Euskara dakien teknikari batek emango du ikastaroa Atakondoa ikastetxean, abenduaren 29an, 30ean eta 31n, 14 urtetik gorako euskaldunei begira. Izena ematen dutenek 10 euro ordaindu beharko dituzte. Euskal Ekitaldietan antolatutakoetan parte hartzeko deia egin dute Aizpeako kideek, bereziki BEC betetzeko Kontseiluak egindako deialdiarekin bat egitea.