Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkenean bai. Hiru porrot jarraituren ondoren eta 9 jardunalditan 7 puntu baino ez edukita, MRA Navarrak behar-beharrezkoa zuen garaipena. Beharrezkoa taulan gora egiteko, baina batez ere, presioa gutxitu eta konfiantza berreskuratzeko. Joan zen ostiralean Iruñean, Unibertsitateko Pabilioian, Xotako jokalariek 9 jardunalditako gol lehortea zuten gogoan eta hori gainditzeko prest atera ziren kantxara. El Peinsa Cartagena taldeak ordaindu zuen MRAren gol gosea. Uge eta Lukuianen golekin 5. minuturako 2 goleko aldea zuen Irurtzungo taldeak. Aukera gehiago izan zituen lehen zatian, baina Murtziako taldea izan zen gola sartzen hurrena. Atsedenalditik bueltan Peinsa Cartagena zentratuago atera zen eta agerian geratu zen MRA Navarraren urduritasuna. Urduritasun horren ondorioz MRAren golen ondotik etorri ziren murtziarren golak, 3-2koan aurrena eta 4-3koa ondoren. 38. minutuan lasaitu ziren Irurtzugoak, penalti bikoitzari esker Dani Fernandezek 5-3koa sartu zuenean. Lukuianek erabaki zuen partida 6-3koarekin. Imanol Arregik arnasa hartu zuen partida amaieran. "Azkenean iritsi da garaipena" adierazi zuen "merezi izan dugu, baina galdu dugun beste partida batzuetan ere bai". Garaipenak taldeari konfiantza itzuliko diola espero du Irurtzungo entrenatzaileak. Lortutako 3 puntuei esker, 10 puntu ditu poltsan MRA Navarrak eta 3 puntura du Koparako sailkapena. El Pozo de Murcia da liderra, 20 punturekin. Datorren jardunaldian, larunbatean, Castellonerako bidea hartuko dute irurtzundarrek. 16:30ean, bertako talde Playas de Castellonekin neurtuko ditu indarrak. 16 punturekin 6. postuan dago arerio izanen duen taldea.