Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako I. Mendi Martxa Luzeen Zirkuituko bukaerako festa ospatu zen ostiralean Irurtzungo Iratxo mendi elkartean. Izan ere, Nafarroako Mendi Federazioarekin batera Iratxo elkartea da Nafarroako I. Mendi Martxa Luzeen Zirkuituko antolatzailea. Aurten aipatu zirkuituak zazpi proba izan ditu, eta guztira 2.657 mendizaleek hartu dute parte. Altsasuko mendi martxa 169 mendizalek osatu zuten, Ameskoakoa 150 mendizaleek, Irurtzungo Hiru Baselizen ibilaldia 1.006 pertsonek -probaren parte hartze errekorra gainditu zen-, Tafallakoa 191 lagunek, Arantzakoa 501 pertsonek, Baztangoa 265 mendigoizaleek eta Lesakakoa 375ek.Ostiraleko festan aipatu ibilbideetatik 4 edo gehiago egin zituzten 38 mendizaleek diploma jaso zuten, eta tartean bazeuden hainbat sakandar, esaterako Isidro Dávila (Altsasu), Alfonso Gabirondo (Iturmendi), Mikel Goldarazena (Irurtzun), Juanjo Franco (Irurtzun), Maitane Txueka (Arbizu), Migel Angel Ulaiar (Etxarri Aranatz), Jon Zabaleta (Etxarri Aranatz), Magdalena Stasiak (Altsasu) eta Andoni Gabirondo (Iturmendi). Gainera, zirkuituko ibilaldiak antolatu zituzten mendi taldeei oparitxo bat eman zien Nafarroako Mendi Federazioak. Ondoren Jesus Ubedak Euskal Herriko mendiak, ermitak eta beste oinarri hartuta proiekzio bikaina egin zuen eta bukatzeko guztiak mahai inguruan bildu ziren. Giro polita izan zen eta datorren urterako hitzordua jarri zuten mendizaleek.