Artadiko tuneleko lanak heldu den urtean eginen dira

Guaixe 2008ko azaroaren 24a

2004ko udaz geroztik ezinda zeharkatu Artadiko tunela, zati batek behera egin zuenean. Ondoren erorketa gehiago izan dira eta konponketa lanak zaildu eta garestitu dituzte. Tunelak bere biziko garrantzia du Irurtzunendako handik pasatzen baita uraren ekarriko horia. Udalak jakitera eman zuenez hura berreskuratzeko 278.000 euroko aurrekontua beharko da. NaBaik emendakina aurkeztu zuen estatuko aurrekontuetan Artadiko tunela lehengoratzeko 275.000 euro eskatuz eta onartua izan da. Irurtzungo Udalean pozik hartu dute berria eta lanak heldu den urtean eginen direla azaldu digute. Aurrekontuko aldea estaltzeko gelditzen dena Nafarroako Kutxako "zeuk erabaki, zeuk aukeratu" programaren bidez lortutakoarekin eta mankomunitatetik etor litekeenarekin konpontzea aurreikusten da. TxirrindulaArtadiko tunela Iruñea eta Donostia lotzen zituen Plazaola trena pasatzeko egin zen. Trenbide haren ibilbidea bide berde bihurtzea aurreikusia dago. Nafarroako Txirrindularen Plan Zuzentzailean agertzen da, Irurtzun eta Altsasuko zatiarekin batera. Pasa den ostegunean Ezker Batuaren galdera bati erantzunez, Begoña Sanzberro kontseilariak jakitera eman zuen krisi egoera honetan ez zegoela plana aurrera eramateko nahikoa diru eta haren gauzatzea atzeratu eginen zela. Jakin ahal izan dugunez, Iruñea eta Irurtzun arteko ikerketa partziala egina dago.