Aurre-akordioa Master Cadenan

Guaixe 2008ko azaroaren 25a

Astelehenean, Madrilen, Master Cadena-Idea taldeko enplegu-erregulazio espedientearen inguruan aurre-akordioa lortu zuten zuzendaritzak eta langileen ordezkariek. Etxetresna banaketa enpresako 700 langile kalera joanen dira, horietatik 28 Irurtzungo biltegian lan egiten dute. Enpresa batzordeko ordezkari Jose Ignazio Larraioz Mateok esan digunez, "langile bakoitzak lan egindako urte bakoitzeko 28 egunetako soldata eta dozena bat hilekoa jasoko du. Horretaz gain, 13 urte baino gehiago daramatzaten langileen artean eta antzinatasuna kontuan hartuz, 600.000 euro banatuko dira". Langileen oniritzia jaso eta gero aldeek heldu den astelehenean sinatuko dute akordioa. Indarrean jartzeko epailearen sinadura beharko da eta tramite horrek hamabost bat egun beharko ditu. Ordura arte langileak lantokian egonen dira. Hau da, abenduaren erdialdera arte. Epaileak sinatu eta astera langileek kanporatzearen kalte ordainak kobratuko dituzte. HusteaAldeek Madrilen langileen kanporatzeen baldintzak zehazten zituzten bitartean, Irurtzungo Akaborro industrialdean enpresako kamioiak agertu ziren. Orduz geroztik biltegian dagoen guztia bildu eta kamioietan Valentziara eramaten ari dira. Izan ere, banaketa taldeko akziodun nagusi den Prometheus Electronics-ek handik banatuko ditu etxetresna elektrikoak estatu guztira. Bakarrik katearenak diren dendetara eginen du soilik, zerbitzu txarragatik elkartuta zeuden dendak konpetentziara pasa direlako.Langileen ordezkariak zuzendaritzari eskatu zioten materiala ez mugitzeko "gero berriro bueltan ekarri behar badute eskaintza egiteko". Jose Ignaziok azaldu digunez, "garraio gastuak kanporatuen kalte ordainetarako bideratzea proposatu genien. Alferrik".