Atakondoak Euskararen Eguna ospatuko du

Guaixe 2008ko abenduaren 4a

Atakondoa ikastetxean urte asko daramatzate Euskararen Astearen inguruan Euskararen eguna antolatzen. Aurten abenduaren 5ean izango da, ostiralarekin. Horrela, goizean tailerrak izanen dira ikasleendako, eta 3 urtetik 8 urtera bitarteko ikasleek jaialdia eginen dute. Gela bakoitzak kantu, dantza edo ekitaldiren bat prestatu du egunerako propio, euskaraz, eta antzezpen polita eginen dute. Arratsaldean, 15:30ean, Atakondoako guraso elkarteak antolatuta, jaialdi ederra izanen da Irurtzungo kiroldegian. Egun horretarako propio gurasoei deialdia egin zaie oholtzara igotzera, "Txoriak txori" kanta ezaguna - "Hegoak ebaki banizkio..." - kantatzera. "Mezu ederra du ekitaldi honek. Euskara gurea izateko eskola barruan gorde eginen genuke baina horrela euskara lotuta legoke. Benetako txori libre bat izateko euskara herrira, kaleetara atera behar da, aske, eta hori islatu nahi dugu kantarekin" azaldu dute Atakondoako ikastetxean. Hain zuzen ere lelo hori azalduko dute jaialdian, eta ondoren Atakondoako 4. Mailatik DBHko 2. mailara bitarteko ikasleek jaialdi ederra eskainiko dute, klasean prestatutako ekitaldiak antzeztuz. Bukatzeko, Atakondoa ikastetxeko ikasle eta langile guztiak - irakasleak, garbitzaileak, sukaldariak... - kantatzera aterako dira. "Ixil ixilik dago" kanta tradizionala hartuta, letra aldatu eta kanta ederra kantatuko dute. Kantu hau kantatzeko gonbitea Atakondoa ikastetxean AEKren laguntzaz euskara ikasten ari diren gurasoen bi taldeei egin diete. Hain zuzen ere hogei gurasotik gora ari dira eskolan euskara ikasten.