Kaleko neska-mutilak lagundu ditu bigarren eskuko azokak

Guaixe 2008ko abenduaren 9a

Igandean Irurtzungo Bi Aizpe pilotalekuak bigarren eskuko azokaren XVI. edizioa hartu zuen. Itxipuru elkarteak antolatutako elkartasun azokak, aurrekoen modura, garapen-bidean dagoen herrialde bateko egitasmo bat laguntzeko diru bilketa egin zuen. Oraingoan El Salvadorko San Jacinto herriko kaleko umeak hartzen dituen zentro baterako bideratu zen jasotakoa. Bigarren eskuko azokak igande goiz eta eguerdian izan zen zabalik. Aurrekoekin alderatuta, jende gutxiago pasa zen azokatik. Hala ere, guztiak nahiko zamatuta atera ziren azokatik, aspaldiko partez gauza gutxi gelditu baitziren soberan. Horixe adierazi digute Itxipurutik. Prezio merkeetan saldutako bigarren eskuko produktuen salmentarekin 1.263 euro atera zituzten. Horri gehitu behar zaio azaroaren 29an Iratxo elkartean egindako elkartasun afarian ateratakoa. 80 bat pertsona eseri ziren mahairen inguruan eta hala 840 euro bildu zituzten. Horretaz gain, Ciudad de Díos filmaren emanaldiarekin 31 euro eskuratu zituen elkarteak eta 270 euro jaso dituzten jendeak emanda. Guztira, 2.404 euro jaso zituzten. EgitasmoaEl Salvadorren, izen bereko probintziako San Jacinto herriko auzo pobre bateko plaza batean dago Itxipururen bidez lagunduko den egoitza-etxea. Kaleko ume eta gaztetxoekin lan egiten dute egoitza-etxe horretan. Han bizi diren neska-mutilei gizarteratzeko beharrezko duten laguntza eskaintzen diete. Guztiak ere Los Pegas komunitateko kideak dira eta egoitza dagoen plazan biltzen dira.Proiektuaren helburua da pertsonaren hazkunderako gune bat eraikitzea. Gune horrek adin txikikoen bizimodura hainbat aldaketa eraman nahi ditu, besteak beste: kalea uztea, drogak hartzeari uztea, norberaren kalterako eta gizartearen aurkako jarrerak alde batera uztea, norberaren balioa antzematea, lanerako dituzten gaitasunak garatzea edota lanean eta gizartean sartzea.  ErakustaldiaBigarren eskuko azoka zela baliatuta, Asdire Larrakil elkarteak sentsibilizazio jardunaldia prestatu zuen. "Eseri, parte hartu eta konta iezaguzu" lelopean azokara hurbildu ziren guztiek gurpildun aulkian ibiltzeko prestatutako zirkuituan aritzeko aukera izan zuten. 13:00etan Tuterako Amimet elkarteko Lua taldeak gurpil-aulkietan egindako areto dantzen erakustaldia eskaini zuen. Azokatik pasa zirenak  goiz ederraz gozatzeko aukera izan zuten.