Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Ohorezko Mailako txapelketako 12. Jardunaldia jokatu zen. MRA Navarra Xotak ez zuen jokatu, atseden jardunaldia baitzuen, baina gainerako taldeek bai. Eta esan beharra dago aipatu jardunaldiko emaitzek ez diotela batere mesederik egin Irurtzungo taldeari, bere egoeraren antzera zeuden hiru aurkariek irabazi egin baitute. Horrela, Inter Movistar taldea da lider, 29 punturekin, eta MRA Navarrak behera egin du: 14.a da, azkenaurrekoa, 10 punturekin, azkena den Santa Colomak baina puntu bat gehiagorekin. Urtea despeditzeko bi lehia gogorLehendabiziko itzulia bukatzeko bi partida geratzen dira, eta MRA Navarra Xotak derrigorrezkoa du garaipena. Horrela, igandean arerio zuzena duen Manacor taldearen kontra lehiatuko da, Mallorcan, 11:30ean. Manacor taldekoek morala altu daukate, asteburuan Playas de Castellon taldeari 4-5 irabazi eta gero sailkapenean gora egin eta MRA gainditu baitzuten. Egun MRA Navarra baina postu bat gorago daude, 13. tokian, 11 punturekin. Hortaz, hil hala biziko partida da, beheko postuetatik aldegitea baitago jokoan. Irurtzunen aipatu partida buru belarri prestatzen ari dira. Imanol Arregi entrenatzaileak ezingo du Araça jokalaria kantxaratu, bi partidarako zigortuta baitago. Nolanahi ere, Xotak errekurtsoa aurkeztu zuen aipatu zigorra partida batera jaisteko eskaria eginez. Hala bada, abenduaren 23an, asteartean jokatuko den 14. jardunaldirako jokatzeko moduan legoke jokalaria. Jardunaldi horretan egun lider den Inter Movistar taldea izanen du arerio MRA Navarra Xotak. Hortaz, beste partida konplikatu bat izanen du jokoan Irurtzungo taldeak.