Plaza jostailu trukerako azoka bihurtuta

Guaixe 2008ko abenduaren 19a

Itxipuru Taldeak antolatuta, igande goizean, jostailuen trukaketa azoka eginen da Irurtzunen. Garai batean azienden azoka hartzen zuen inguruan jostailuekin tratuan ariko dira haur irurtzundarrek. Baina ez erosteko, trukatzeko baizik. Horretarako aukera 11:00etatik 14:00ak bitartean izanen da. Tarte horretan plazatik jostailu batekin pasatzen diren haurrek azokan dagoen beste jostailu batengatik trukatzeko aukera izanen dute. Itxipuruk neska mutilak animatu ditu "orain erabiltzen ez duzuen jostailua edo asko jolasteagatik aspertu zareten jostailuak" hartu eta azokara eraman ditzaten. Hori bai, "jostailuak egoera onean" egon behar dutela zehaztu dute Itxipuru Taldekoek. Bestelako gomendioak ere luzatu dituzte: "ahal den neurrian jostailuak ez daitezela ez belizistak ez sexistak izan. Gainera, funtzionatzeko pilarik ez badute hobe" dela adierazi dute.