Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Areto futboleko Ohorezko Mailako taldeek 13. jardunaldia izan dute jokoan asteburuan. 13ak Xotari zortea eman dio antza, aspaldiko partez garaipena lortu baitzuen aurkari zuzenaren aurka. Denboraldi honetan etxetik kanpo lortutako lehen garaipena izan da. Bi taldeek ere asko zuten jokoan eta hori agerian geratu zen kantxan. Urduritasunaren ondorioz bi taldeek ere huts egite asko izan zituzten. Hala ere, irurtzundarrena izan zen kontrola partidaren zatirik handienean. Redondo eta Usinen golekin bi aldiz aurreratu ziren markagailuan, baina Mallorkak ez zien arnasa hartzen uzten: bi aldiz berdindu ostean, 3-2 aurreratu ziren etxekoak. Baina atsedena iritsi aurretik buelta eman zion Fernandezek, berdinketaren golarekin eta 3-4koarekin. Bigarren zatiak gol festa ederra ekarri zuen. Ugek 3-5ekoa sartu ondoren, Manacorrek markagailuan atzean zela ikusita arriskuak hartu eta atezain-jokalaria jarri zuen. Horrek MRA Navarrak aldea handitzea ekarri zuen. 6-10 amaitu zen norgehiagoka; premiazko garaipena Irurtzungo taldearendako. Inter Movistarrek jarraitzen du lider 32 punturekin. 13. jardunaldian lortutako puntu garrantzitsuei esker, sailkapen nagusiko 13. postuan dago MRA Navarra 13 punturekin. Gabonetako oporren aurretik, partidu berria du bihar, 21:00etan, eta ez nolanahikoa: liderra, Inter Movistar taldea hartuko du Iruñeko Unibertsitateko Pabilioian. Taldeak Lukuian eta Araça gabe egin beharko dio aurre liderrari; lehenengoak eskubiko hanka koxkorra sendatu gabe du eta bigarrenak zigortuta jarraitzen du.