Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
MRA Navarra taldeak burua altxatu du, hil hala bizikoak ziren azken bi partidetan duen maila guztia emanez. Igandean beheko postuetan kontrario zuzena zuen Manacor taldea menpean hartu bazuen, atzo, Pabilioi Unibertsitarioan, 2.000 zale ingururen aurrean, partida bikaina jokatu zuen Inter Movistar liderraren kontra. Bina berdindu zuten, baina garaipen zaporeko partida izan zen, eta aipatzekoa da partida irabazteko aukera handiak izan zituztela irurtzundarrak. Hasieratik dena ematera atera ziren irurtzundarrak. Horrela, bost minututarako MRA aurreratu egin zen, Eseverriren jokaldia bikain borobildu baitzuen Joelek. Eta oraindik ere erasoan saiatu ziren Imanol Arregiren mutilak. Etxekoak nagusi ziren, baina jokaldi bat aprobetxatuz liderrak berdindu egin zuen. Gainera, atsedenaldia eta gero Inter Movistar taldeak bigarren gola sartu zuen. Baina MRA Navarrak ez zuen etsi eta Roberto Martilek berdinketaren gola sartu zuen, garaipenaren zaporea zuena. Imanol Arregi entrenatzailea pozik zegoen jokalariak egindako lanarekin. "Gure bidera itzuli gara" zihoen, baina hala ere irabazi ez izanak pena eman zion. "Golak sartzeko aukerak huts egin ditugu, baina taldeak izandako jarrerarekin gelditzen naiz: ez du amore eman, sakrifikatu da, borrokatu du eta duen guztia eman du. Berdinketa ongi dago baina taldea bikain egon da" nabarmendu zuen. Inter Movistar taldeak jarraitzen du lidergoan, 33 punturekin. MRA Navarra 14.a da, 14 punturekin. Gabonetan atsedena hartuko du Ohorezko Mailak, ilbeltzaren 9ra arte. Hain zuzen ere ilbeltzaren 9an, ostiralean, MRA Navarrak sailkapenean 17 punturekin 11.a den Azkar Lugo hartuko du Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 20:30ean. Sailkapeneko behealdean arerio zuzenak dira biak, eta hortaz, biak irabazi beharrean daude. Ea MRA Navarra Xotak puntuak pilatu eta sailkapenean gora egiten duen.