Goazen dantzara!

Guaixe 2009ko urtarrilaren 14a

Gonbidapen hori egin die Irurtzungo Orritz taldeak dantza gustuko duten helduei. Ahalik eta jende gehien elkartzea da haien helburua eta, horregatik, argi utzi dute: "ez da beharrezkoa aldez aurretik ezer jakitea". Joan zen larunbat arratsalderako egin zuten lehen deialdia eta arrakasta itzela izan zuten. 20 bat lagun bildu ziren Irurtzungo eskolako soinketa-gelan. Animatzen direnek Urko Mauduit izanen dute irakasle. "Orain gutxi arte Dantzari txikiei irakasten nien eta gurasoek behin eta berriz esaten zidaten ea noiz iritsiko zen haien txanda" jakinarazi digu. Ideia horri eutsita iaz antolatu zuen Orritzek lehen aldiz helduendako dantza ikastaroa. Lehen urteko arrakasta itzelaren ondoren, aurten ere ikastaroa antolatzera animatu dira. Adin mugarik ez du eskaintzak eta horren adierazle lehen egunean 30 urtetik hasi eta 60 urtetik gorakoak ere bazirela. "Haien erritmora egokituko dugu ikastaroaren martxa" argitu du Urkok. Dantza ezagunak landuko dituzte ikastaroan: porru salda, jota, Larrain dantza, Jautsiak... herriko plazan gustura dantzatzeko modukoak. Gorputza martxan jartzea nahi duena izena emateko garaiz dago oraindik ere. 675 36 52 56 telefonora hots egin beharko du horretarako. Irurtzungo eskolako soinketa-gelan bilduko dira larunbatero, 16:30etik 17:30era.