MRA bide onean

Guaixe 2009ko urtarrilaren 12a

MRA Navarra Xotak primeran hasi du urtea, ostiralean jokatutako partidan 5-2 hartu baitzuen menpean atzeko postuetan arerio latza zuen Azkar Lugo taldea. Irurtzundarrek lortutakoa urrezko garaipena izan zen, atzeko postuak behean utzi eta bide onera itzuli baitira. Hala ere, partida ez zen ongi hasi, MRAkoek deseroso hasi baitzuten norgehiagoka, urduri eta arrapaladan arituz. Baina nahiz eta hasieran dominatu, Azkar taldekoak ere ez zeuden oso fin, eta Irurtzungoendako ez ziren oso arrisku larria izan. Nolanahi ere bi taldeek irabaztera behartuta zeuden, atzeko postuetatik ihes egiteko. Imanol Arregik jokalariak errotatu zituen eta aho betez asmatu zuen, orduan heldu baitziren golak. Lehena Joelek sartu zuen, Eseverrik lapurtutako baloi baten pasea jaso eta gero. Eta bi minutu geroago Pablok kontrakoen jokaldia moztu eta kantxa guztia zeharkatu ondoren Toni atezaina gainditu zuen. Horrela heldu ziren atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta berehala Eseverri kapitainak gol aukera ederra galdu zuen, baina handik gutxira ikusleak aulkitik altxarazi zituen gola sartu zuen. Gainera, bi txartel hori ikusi eta gero arbitroak aulkira bidali zuen Azkar Lugoko Orol jokalaria eta handik gutxira Xotaren laugarren gola heldu zen, Rafa Usinek sartutakoa. Azkar Lugokoak esnatu egin ziren Fernandinhok denbora gutxian sartutako bi golekin. Lugoko entrenatzaileak arriskatzea erabaki zuen, Migel atezain-jokalari lanetan jarriz, baina estrategia gaizki atera zitzaion, MRAko Lukaianek, baselinaz, markagailuan 5 eta 2koa ezarri baitzuen. Horrela despeditu zen lehia. Imanol Arregi pozik zegoen horren beharrezkoak zituzten puntuak batu izanagatik, baina are poziago azken partidetan jokalariak erakusten ari diren jokaera egokiarengatik. "Argi ikusten ari den jarrera aldaketa izan dugu eta puntu oso garrantzitsuak lortu ditugu. Sailkapenean Azkar Lugo puntutan berdintzea lortu dugu, postuetan gora egin dugu eta atzeko postuetan talde gehiago sartzen ari dira, baina oraindik ere lan asko dugu egiteko" azaldu zuen teknikariak, Azkar Lugo bezalako talde ona irabazi izana baloratuz. Gauzak horrela Inter Movistar taldea da Ohorezko Mailako liderra, 33 punturekin. MRA Navarra hamaikagarrena da, 17 punturekin, hamabigarrena den Azkar Lugo eta hamairugarrena den Guadalajara taldeekin puntutara berdinduta. Larunbatean 16. Jardunaldiko partida jokatuko du MRA Navarrak, Santa Colomako Jacint Verdaguer pabilioian, 18:30ean, sailkapenean 11 punturekin azkena den Santa Coloma taldearen kontra. Hil ala biziko lehia izango da hau ere, Santa Colomak atzeko postua utzi nahi duelako eta MRA atzeko postuak uzteko irabaztera behartuta dagoelako. Ea azken partidetako jarrerarekin eta norabide egokiarekin hiru puntuak Irurtzunera etortzen diren.