Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azken postuak atzean uzteko lehian garaipen garrantzitsua lortu zuen Irurtzungo MRA Navarra Xotak, atzeko postuetan dabilen Marfil Santa Colomari 3-5 irabazi eta gero. Santa Colomak ez zizkion gauzak batere erraztu MRAri, lehen zatian nagusi izan baitzen, baina hiru puntuak Irurtzunera etorri ziren. MRAko onenak Dani Fernandez - partidako une erabakiorrenetan golak egiteagatik - eta Juanito atezaina - atea sendo defenditzeagatik - izan ziren. Lehen zatia nahiko aspergarria izan zen, atsedenaldira joateko minutu gutxi falta zirenera arte. 17. Minutuan Santa Colomako Hectorrek gola sartu eta handik minutu eskasera Dani Fernandezek berdindu zuen, penaltyz. Minutu erdira Marfilek kantxa erdian baloia galdu zuen eta Dani Fernandezek, jaurtiketa bikaina eginez, 1 eta 2koa jarri zuen markagailuan. Eta atsedenaldirako segundoak falta zirenean Juanito atezainaren pase luzea probestu zuen Joelek, Marfil taldeko Igor atezaina gainditzeko. 1-3 irabazten zuen Xotak. Atsedenaldia eta gero Santa Coloma erasoan atera zen, eta MRAko Juanito atezainaren geldialdiak funtsezkoak izan ziren talde kataluiniarrak gora ez egiteko. Hala ere, Santa Colomako Rafak markagailua 2-3an kokatu zuen, gol eder bati esker. Une horretan Irurtzungo taldea gaizki pasatzen hasi zen, eta partidaren erritmoa jaitsi izanak mesede egin zien MRAkoei. Partida bukatzeko sei minuturen faltan Dani Fernandezek beste gol bat sartu zuen, 2-4koarekin Sakanako taldeari lasaitasuna emanez. Santa Colomako Marquei atezain-jokalari moduan jokatzeko agindua eman zioten, eta hasieran ongi joan zitzaizkion gauzak Kataluniako taldeari, Ossorioren akats baten ondorioz 3-4 hurbildu baitzen Santa Coloma markagailuan. Baina MRA ez zen kokildu eta bukaerarako 3 minutu falta zirela, Javi Eseverri kapitainak baloi bat errekuperatu eta pase luzea egin zion Joelek, azken honek Igor atezaina gaindituz eta 3-5a ezarriz. Horrela bukatu zen partida. Bederatzigarrenak eta pozikImanol Arregi entrenatzailea oso pozik azaldu zen bere jokalariak egindako lanarekin eta taldeak behar zuen erreakzioa gauzatu delako. "Orain sailkapeneko erdialdean gaude eta gora begira dezakegu" adierazi zuen Arregik. Ohorezko mailako liderra Inter M. taldea da, 36 punturekin. MRA Navarrak sailkapenean gora egin du eta bederatzigarrena da, 20 punturekin. Hurrengo partida ostiralean jokatuko du MRAk, hilaren 23an, Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan, 21:00etan. Arerioa ez da nolanahikoa izango: sailkapenean bigarrena den El Pozo Murcia taldea ahaltsua. Partida konplikatuan, ea Xotak azken jardunaldietako joko ederra egin eta puntuak batzen jarraitzen duen.