Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Espainiako Gobernuak Enplegurako Toki Inbertsioaren Estatu Funtsetik Irurtzungo Udalak gehienez ere 389.374 euro jasoko ditu. Aurreko asteazkenean egindako bilkuran Irurtzungo Udalak erabaki zuen diru horrekin udal zerbitzu batzuk hartuko dituen eraikin berri bat jasotzea. Onartutakoaren arabera udal zerbitzuak hartuko dituen eraikin berri hori udaletxe ondoan jasoko da, frontoiaren atzean dagoen haur jolas parkearen parean, egungo aparkalekuari zati bat kenduz. Udaletik aurreratu digutenez eraikin berriak bi solairu izanen lituzke, bakoitzak 250 metro karratuko azalerakoa. Solairu bakoitzerako sarbidea independentea litzateke. NaBaik eta UPNk alde bozkatu zuten eta EAE-ANVk kontra. Zinegotzi ekintzaileek eraikuntza horren ordez beste bat proposatu zuten: barazki plazan, solairu bakarreko eraikina 12 eta 16 urteko gazteei zuzenduta, "haiendako ez baitago ezer". Proposamena bere horretan gelditu zen. Parkea Bilkura berean udal talde guztiek aho batez onartu zuten pilotaleku zaharraren atzean dagoen parkean haur txikienendako jolas parke berria jartzea. Adostutakoaren arabera zazpi joko jarriko dira, tartean zabuak eta beste batzuk. Horiek jartzea udalari 37.295 euroko inbertsioa eskatuko dio. Bestalde, oztopo arkitektonikoak kentzeko iaz udalak hainbat lan egin zituen, besteak beste, udaletxean igogailua jartzea edota jubilatu elkarteko komuna irisgarritasun irizpideen arabera egokitu. Aurten bide horretan sakondu nahi du udalak. Azkenik, Irurtzungo Udalak aurten ordaindu beharreko tasak zehaztu ditu iazko prezioei %3 gehitu die.