Babestutako gizarte enpleguaren bidez udalak 6 pertsona kontratatuko ditu

Guaixe 2009ko urtarrilaren 20a

Irurtzungo Udaleko taldeek aho batez onartu dute aurtengo babestutako gizarte enplegu programako egitasmoa. Irurtzungo Udalak onartutakoaren arabera sei pertsona kontratatuko dituzte apirila eta azaroa bitartean, zortzi hilabetez, hainbat lan egiteko. Babestutako gizarte enplegu programaren aurtengo aurrekontua 122.870 eurokoa da. Horri aurre egiteko udalak diru-laguntza eskatuko du. Babestutako gizarte enpleguko programaren bidez Irurtzungo Udalak "lana opatzeko arazoak dituzten eta langabezian dauden pertsonak" kontratatuko ditu eta haiek arduratuko dira herriaren onurarako hainbat lan egiten. Hainbat lan egiteko eta tresneria erabiltzen ikasteko aukera aparta izanen dute pertsona horiek programaren bidez. Trebakuntza hori ezin egokiagoa da udalak abenduan eginen duen oposiziorako. Lan anitzak eginen dituen langile finkoa urte bukaeran kontratatzeko asmoa baitu udalak.     EgitekoakIrurtzungo Udalak zehaztutakoaren arabera langileak bi taldetan banatuta ariko dira lanean, lanen udal arduradunaren esanetara. Haien egitekoak hiru esparrutan banatuko dira: udal eraikinen hobekuntza; hiri altzariak egokitzea eta kaleetako traba arkitektonikoak kentzea. Udal eraikinei dagokionez hona egitekoen zerrenda: igerilekuko sarreran eskailerak jartzea, igerilekuak konpontzea, igerilekuko eraikina margotzea eta kirol azpiegiturako makineriaren mantenimendua eta martxan jartzea. Udal kiroldegian margo lanak eginen dituzte eta gauza bera Atakondoa eskola publikoan. Babestutako gizarte enpleguko programako langileek kalean dauden barandak margotu, bide segurtasuneko seinaleak jarri, traba arkitektonikoak kendu, berdeguneak hobetu eta hiri altzariak jarriko dituzte. PalestinaNaBairen eta EAE-ANVko zinegotzien aldeko bozekin eta UPNren abstentzioarekin Irurtzungo Udalak Palestinako azken gertakarien inguruko mozioa onartu zuen. "Sarraskitzat" definitu ondoren, "gogor gaitzetsi du" Irurtzungo Udalak Israelek Gazan egin duena. Estatu sionistaren kontrako salaketak beste estatuetara hedatu ditu udalak "egoera toleratu eta okupatzaileekin kolaboratzen dutelako". Israelgo gobernuko kideak nazioartean epaituak izateko eskatu zuen aldi berean. Irurtzungo Udalak eskatu dio Nafarroako Gobernuari eska diezaiola Espainiakoari Israelgo estatuarekin erlazio diplomatiko eta ekonomikoak eten ditzala, Gazaren kontrako erasoa eta blokeoak irauten duten bitartean. Aldi berean, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) erresoluzioak betetzeko eskatu du udalak, "Israel okupatutako lurraldeetatik alde egin, palestinarrak itzuli eta autodeterminaziorako eskubidea izan dezaten".