Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiralean etxean jokatu zuen MRA Navarra Xotak, sailkapenean bigarrena den El Pozo Murcia talde ahaltsuaren kontra. El Pozo taldea ia eskura izan zuen Irurtzungo taldeak, eta Imanol Arregik prestatutako defentsa eskema guztia behera joan zen azken minutuetan eta El Pozok hiru puntuak eskuratu zituen, bikain aritu zen egun El Pozon dabilen baina lehen Xotan ibili zen Wilde jokalariari esker. MRA ongi hasi zen eta lehen minuturako gola sartu zuen Pablok, El Pozokoen defentsa akats bat aprobetxatuz. El Pozo saiatu eta aukera asko izan zituen, eta 11. minutuan Wilde izan zen berdinketa lortu zuena. Atsedenaldira abantailarekin joan ziren Irurtzungoak, Joelek penaltya sartu eta gero. Bigarren zatia hasi eta berehala Wildek atzera ere berdindu zuen. Ondoren MRAren minutu onenak heldu ziren, bikain aritu baitziren. Robert eta Martilek 4-2koa ezarri zuten. Baina hor etorri zen Irurtzungoen gainbehera, El Pozokoek buelta eman zioten markagailuari, jokaldi tontoetan Wildek eta Alvarok launa berdindu baitzuten, eta hortik aurrera iritsi ziren komeriak, Alvarok El Pozoren bosgarren gola sartu zuelako. Horren aurrean MRAk hordagoa jo zuen, Robert jokalari-atezain postuan jarriaz, eta estrategiak funtzionatu zuen, Pablok bosna berdindu baitzuen. Baina partida horrela bukatuko zela zirudienetan Wildek jokaldi bat probestu eta 5 eta 6koa ezarri zuen markagailuan, hiru puntuak Murtziara eramanez. Akatsak ordaintzen diraNahiz eta bikain jokatu eta partida eskura izan azken momentuan galdu zuen MRAk. Eta Imanol Arregi entrenatzaileak azaldu zuen moduan, "El Pozoren kontra akatsak garesti ordaintzen dira. 4 eta 2koa izan da klabea. Orduan defentsan bi akats izan ditugu, bi golen kostua izan dutenak. Pena handia izan da, ez baitugu galtzea merezi, baina gauzak horrela dira" adierazi zuen Arregik. Nolanahi ere, entrenatzailea kontentu zegoen jokalariek egindako esfortzuarekin. Sailkapen orokorrean Inter Movistar taldea da liderra, 39 punturekin. Bigarrena da El Pozo Murcia, 37 punturekin. MRA Navarra 11. postura jaitsi da, 20 punturekin. Larunbat arratsaldean Benicarlón jokatuko du MRA Navarrak, sailkapenean 26 punturekin seigarrena den Benicarló taldearen kontra. Partida konplikatua izanen da baina garaipenaren bidea berreskuratzea inportantea da Xotarendako, atzeko postuak utzi eta sailkapenean aurrera egiteko.