Berdinketa baliotsua

Guaixe 2009ko otsailaren 2a

Larunbatean Benicarló taldearen kontra aritu zen MRA Navarra eta berdinketa lortu zuen, balio handia duen berdinketa, Benicarló izan baitzen markagailuan aurreratu zena eta garaipenari eutsiko ziola uste zen. Baina Irurtzungoak kontrako bi golen aurrean markagailuari buelta eman eta berdintzea lortu zuen, azken minututan. Hortaz, kontentu daude Imanol Arregi entrenatzailearen gizonak. Benicarló eta MRA irabaztera atera ziren eta lehenengoek, behintzat, alde handia hartu zuten berehala, partida hasi eta 14 minutuetarako 2-0 aurreratu baitzen Benicarló, Isco eta Genarori esker. Gol errenta hori eutsi eta defendatzea izan zen Benicarlókoen asmoa hortik aurrera. Horren aurrean MRA-k esfortzu bikoitza egin behar izan zuen, erasoan aritzeaz gain defentsa ongi mantendu behar zuelako, kontzentrazioa galdu gabe. Horrela jarraitu zuen partidak, azken 3 minutuetan goitik beherako aldaketa egon zen arte. Orduan, MRA-ren erasoen aurrean ahal zuen moduan defendatzen ari zen Benicarló, eta Imanol Arregik bosgarren jokalari erasotzaile moduan aukeratu zuen Lukaian. Benicarló ere erasoan saiatu zen baina Juanito atezainak geldialdi bikainak egin zituen. Jokaldi bizi horietako batean, Irurtzungo taldeko Pablok Leandroren atea zulatzea lortu zuen, 2 eta 1ekoa jarriz, eta Benicarló urduritzen hasi zen. Partida bukatzeko segundoak falta zirenean berdinketaren gola lortu zuen atzera ere Pablok eta Benicarlók ez zuen markagailuari buelta emateko astirik izan. Imanol Arregi entrenatzaileak azaldu zuenez, "berdinketa oso baliotsua" izan zen Benicarlón azken minutuan lortutakoa, Benicarló oso arerio latza baita. Arregiren ustez partida nahiko paretsua izan zen, eta lehen zatian Benicarlókoak nagusi izan baziren, bigarren zatian MRA-koak. "Gure jokalariek ez dute partida galdutzat eman eta bikain erreakzionatu dute, eta oso kontentu gaude" gaineratu zuen. Ohorezko mailako buru Inter Movistar taldea da, 42 punturekin. MRA Navarra Xota 10.a da, 21 punturekin. Asteburuan arerio latza izanen du MRA-k: 29 punturekin laugarrena den Caja Segovia. Lehia ostiralean jokatuko da, 20:30ean, Iruñeko Pabilioi Unibertsitarioan. Ea azken jardunaldietako jarrera eta jenioa erakusten duten irurtzundarrek, garaipena etxean geratzeko.