Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo saihesbideko egitasmoaren hasiera bateko onarpena ematen dion Foru agindua ilbeltzaren 14an sinatu zuen Laura Alba Cuadrado Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak. Horrekin batera, egitasmoa jendaurrean jarri du hilabetez, eta saihesbide proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen desjabetze egitasmoa abiarazi du. Alegazioak egitasmoari berari eta desjabetzeei aurkeztu daitezke. Kontseilariaren erabakia jakin bezain laster, Irurtzungo Udalak herritarrei horren berri ematea erabaki du. Txiki Iriarte alkateak Herri Lan Departamentuarekin bilera eskatu du, "dudak argitzeko". Irurtzungo Udalak, bestalde, egitasmoaren berri emateko erakusketa antolatuko du. Egitasmoa otsailaren 12tik 17ra udaletxeko bilkura gelan izanen da ikusgai, 11:30etik 13:30era eta 18:30etik 20:00etara. Erakusketa zabalik dagoen artean zinegotziren bat presente izanen da irurtzundarrei sortzen zaizkien dudak argitzeko. EgitasmoaDepartamentuak onartu duen egitasmoa 2003an proposatutako bera da. Hau da, Izurdiagara daraman errepidetik abiatuta mendebalderantz errepide berri bat eraikiko litzateke, herriaren eta industrialdearen artean eginen litzatekeena. Errepide berria igerilekuetara daraman bidegurutze ingurutik Akaborro industrialdean dagoen hotelaren pareraino joanen da. 500 metro inguruko luzera izanen du. Errepideak 3,5 metroko zabalera dituen bi errail izanen ditu. Mendebaldean metro erdiko bazterbidea izanen du eta herriaren ondoko zatian bi metro zabaleko espaloia. Akaborro industrialdean egun dagoen bidegurutzean borobila egitea aurreikusten da. Hartan errepideak 8 metro eta bazterbideak metro bateko zabalera izanen dituzte. Espaloiak, berriz, 3 metrokoa. Bestalde, igerilekurako bide ingurutik Aizkorberako errepidearekin lotura egiteko beste errepide bat aurreikusten da. Inguru horretako garapen urbanistikoa gauzatzean saihesbidea eta Iruñerako errepidea lotzeko balioko du bide berriak. AurkaJakina denez, iazko apirilean Nafarroako Gobernuak egitasmo hori eta Izurdiagako trenbide pasa kentzeko egitasmoa izendatu zuen Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala. Orduan aukera horren aurka azaldu ziren bai udala, bai saihesbidearen kontrako plataforma; besteak beste, Gobernuak saihesbidea egin nahi duen tokiaren ondoan duela sei urte ez zegoen urbanizazio berria dagoelako. Trafikoa, beraz, etxeen ondotik pasako litzateke.