Memoria historikoa presente

Guaixe 2009ko otsailaren 4a

Irurtzungo Udalak iazko agorrilean egindako bilkuran erabaki zuen, alde batetik, Alargunen Herria Elkarteari eta Nafarroako fusilatuen elkarteari 1.400 euroko diru-laguntza ematea Sartagudako Memoriaren parkea egitasmoa aurrera eramateko. Horrekin batera, Irurtzungo Udalak erabaki zuen Espainiako gerra zibilarekin zerikusia zuten hainbat jarduera antolatzea, hain zuzen ere otsailean garatuko dena. EgitarauaHartutako erabakia betez, Irurtzungo Udalak egitarau zabala antolatu du otsailerako. Dagoeneko, eta larunbatera arte, udaletxeko osoko bilkuran Esclavitud bajo el franquismo: carreteras y fortificaciones en el Pirineo erakusketa ikusgai dago. Hura bisitatu nahi dutenak 18:30etik 20:30era pasa daitezke udaletxetik. Gai berarekin lotutako film baten proiekzioa eginen da bihar, 19:30ean, kultur etxean. Ondoren, Fernando Mendiolak eta Edurne Beamontek hitzaldia eskainiko dute.  Udalak memoria historikoaren inguruan antolatutako zikloaren baitan, heldu den larunbatean, hilak 14, Ezkabako gotorlekuari buruzko hitzaldia eta dokumentala izanen dira. Kultur etxeak hartuko du saioa, 20:00etan eta Koldo Pla izanen da hizlaria. Otsailaren 19rako Corazones rojos filmaren emanaldia iragarri dute. 1978an San Ferminetan izan ziren gertakariak bizi-berrituko dira otsailaren 26rako Irurtzunen iragarritako filmaren emanaldiarekin. Memoria historikoari buruzko egitaraua martxoaren 1ean despedituko da. Egun horretarako Irurtzungo Udalak Sartagudako Memoriaren parkera bisita antolatu du. Jose Ramon Martinez alkateak eta Juan Carlos Espinosak aurkeztuko diete parkea Sartagudara joanen diren irurtzundarrei. Autobusez joan nahi dutenek udaletxetik pasa beharko dute izena ematera. Autobusa dohainik da. Ez ordea bazkaria. Erreserba egin nahi duenak ere udaletxean eman beharko du izena.